Hitzaurrea
Miren Josune Ariztondo
Bilbao Orkestra Sinfonikoa / Juan Crisóstomo de Arriaga Patronatuko Presidentea
Bilbao Orkestra Sinfonikoak 90 urte bete zituen egun berean ireki genuen gure orkestrari buruzko “Bilbao Orkestra Sinfonikoa, 1922-2012” erakusketa Bizkaiko Foru Aldundiaren ONDARE aretoan. Ederra eta historikoa benetan Joseba Lopezortegak bikainki burutu zuen egitasmo hau. Halaxe agertu ziguten bertaratutako hainbat adituk: musika-tresnak, partiturak, musika-maisuen gaineko jakingarriak, ikus-entzunezko musika-jardun historikoen dastatzea, gerra aurre eta osteko gertakari latzak… denetarik ikasi genuen.
Baina erakusketa hura ez zen izan bi-hiru hilabetetarako egitaraua. Esaera herrikoiak dioenez, ez zen izan ahuntzaren gauerdiko eztula. Eskuartean duzun liburua da lekuko bat. Bilbao Orkestra Sinfonikoari eta, haren historia laburraren bidez, gure herriko hainbat musikariri eta artistari eskainitako omenaldia da. Ez bakarrik, asko izanda ere, bertan jasotzen denagatik; garrantzizkoena da, pretentsio handirik gabe, gure herriaren historia kontatzeko bide berrien adierazle dela.
Egilea, Juan Carlos Murillo, euskaltzale eta euskara irakasle lanetan ezagutu nuen aspaldi. Eta hizkuntza politikan aritzen nintzeneko garaia gogorra izan arren, beti nabaritu izan nuen solaserako gogotsu eta akordioetarako prestu. Azken zortzi urtetan euskara gaiekin batera Bizkaiko Foru Aldundian kultura politikaren ardura hartzea egokitu zait. Eta Juan Carlos Murillo musika zale gisa gertutik ezagutzeko aukera izan dut: ia ez dago Bilbao Orkestra Sinfonikoaren emanaldirik hutsik egiten duenik.
Lan honek, oso modu didaktikoan ireki dizkigu bide berriak musikaz gehiago zaletzeko eta, agian, geure herriko historia modu gizatiarragoan ezagutzeko.
Gerra aurreko Orkestraren joan-etorriak eta diru-larritasunak kontatzen dira idazlan honetan. Baita gerra denborako eta lehen gerra osteko gertakariak ere: musikari-maisu batzuen aurkako purgak eta mendekuak edota orkestraren beraren ibilbide berriak, izen aldaketa eta guzti.
Euskal intelektualak, kulturgileak, musikariak eta artistak deserriratu edota mendekuz zigortuen historiak aztergai dauzkagu oraindik. Halere, zor hori ordaintzen hasteko bidea ireki digu lantxo honek, euskaraz egiteak ematen dion balio erantsia ahaztu gabe.
Herri kantaria da Euskal Herria. Ez dago ia lagun talderik musika talde edo koralen bat bilakatzen ez denik.
Xabier Letek zioen bezala, “Pérez Galdós, Unamuno, Pío Baroja etabar irakurtzea nire gazte denboran mundu berriak ezagutzea ekarri zidan. Beranduago, Camus, Sartre, Simone de Beauvoir…, Mauriac, Maritain etab., izan nituen bidelagun..”
Eta euskal intelektual handi honek halaxe jarraitzen du: “…. Libururik gabe ezin izango nuke bizi. Baina musikarekin harreman oso gozagarria dut…. sarritan hunkitu egiten nauen harremana …. . Musika da arte mota guztietan misteriotsuena. Beste kultur adierazpideetan aurkitzen ez ditudan indar eta emozioak aurkitzen ditut musikan……” . Honaino Leteren hitzak.
Euskara, musika eta irakur zale garenok bereziki eskertzen diogu Juan Carlos Murillori bere opari hau.
Bilboko Orkestra Sinfonikoa Gerra Zibilean
Juan Carlos Murillo
Irakaslea eta musikan titulatua
Bilboko Orkestra Sinfonikoaren 90 urteurrena zela eta, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bilboko Udalak erakusketa bat antolatu zuten Ondare Aretoan, Maria Diaz Haroko kalean, 2013ko otsailaren 13tik apirilaren 24ra bitartean, Joseba Lopezortega komisarioaren ardurapean. Erakusketak Orkestraren historian murgiltzeko aukera eman zigun, hala nola haren artxibategietako dokumentu zenbait ikusi eta aztertzekoa ere.
Bilboko Orkestraren historiak, erakundeaz haratago, hiriaren historia ere ezagutzeko aukera paregabea eskaintzen du. Izan ere, Bilboko Orkestra, alde batetik, hiriarekin paraleloan garatutako erakundea da, eta horrenbestez, XX mendeko Bilbo nolakoa zen jakitea ahalbidetzen du; eta bestetik, hiriaren mikrokosmosa da, hiria beste errealitate handiago baten isla den heinean (“Mundua Bilbo handi bat da”).
XX mendean, denok dakigunez, Europan bi gerra handi izan ziren, eta Espainian eta Euskal Herrian, gerra zibila. Musikaz eta orkestraz ari garela, bada galdera bat jakin-mina sortzen duena: zer-nolako inplikazioa izan zuten musikariek eta orkestrak gertakari haietan? Eta galdera nagusi horren atzetik, beste galdera batzuk sortzen zaizkigu, berehala: nolakoa zen orkestrako kideen eguneroko bizitza, parte aktiboa hartzen al zuten, zer-nolako funtzioa betetzen zuten,… nolako kultur politikak egiten ziren, zein izan zen gudaren eragina musika-programazioetan…
Gerren eragina handia izan da orkestra sinfonikoetan; eta handia da, oraindik ere, zenbait kasutan. Alemanian, esaterako, nazien agintaldian, konpositore juduak baztertu, jazarri eta erailak izan ziren eta beraien obrak interpretatzea debekatuta egon zen. Horrela, musikari askoren lanak suntsitzen eta desagerrarazten saiatu ziren, eta baita kasu batzuetan lortu ere, egile juduen partitura orijinalak errez.
Espainian, oro har, eta Bilbon, Orkestra Sinfonikoaren kasuan zehazki, garaileen helburua ez zen konpositore edota obra jakin batzuk desagerraraztea; Gerra Zibilaren ostean, garaituak zigortzea eta umiliatzea izan zen garaileen obsesioa.
Harrigarria bada ere, eskasak dira, Bilboko Orkestraren gaineko lan monografiko eta Orkestraren memorietan, Gerra Zibilari buruzko datuak eta aipamenak. Horrexegatik, aberasgarri ez ezik deigarri ere suertatu zitzaigun 2013ko erakusketa, gerra-urteetako eta gerraosteko gertakari eta protagonistei atentzio berezia eskaini baitzien.
Espainiako Gerra Zibilak eragin nabarmena izan zuen Bilboko orkestraren eta orkestrako kide eta langileen bizitzetan. Musikari batzuk zigortu eta baztertuak izan ziren, eta beste batzuek beren ideiei eta egindako ibilbideari uko egin behar izan zieten, orkestran zituzten lanpostuetara itzultzeko. Garaileek orkestra beren zerbitzura erabili zuten, hala beren eta beraien lagunen aldeko propaganda egiteko, nola garaileen ideologia sustatu eta zabaltzeko.
Lan honetarako, aipatzen diren bibliografia-iruzkin eta agiriez gain, BOS’90 erakusketaren dokumentuak eta haren komisarioarekin, Joseba Lopezortegarekin, izandako elkarrizketa eta berak emandako laguntza baliatu ditugu. Ezinezkoa litzateke haren lankidetzarik gabe.
Aurrekari batzuk. Bigarren Errepublikaren urteak
Oro har, Errepublikak ez zuen aldaketa nabarmenik ekarri Bilboko musika-bizitzara; ez kultura-politikaren ikuspuntutik, ezta programazioen aldetik ere. Orkestra sinfonikoak eta Elkarte Filarmonikoak, zein bere aldetik, ez zituzten beren ibilbideak eta ohiturak ezertan ere aldatu. Aldaketak egoera ekonomiko eskasa eta egoera politiko zailagatik etorri ziren; kultura-politikan, berriz, ez zen diferentzia nabarmenik izan.
1931-36ko urte tarte hartan, Orkestraren kontzertuetan, beste kultura-jarduera eta jarduera musikal askotan bezala, entzule eta ikusle gutxiago izaten ziren eta, horren ondorioz, diru-sarrerak ere urritu egin ziren; nabarmen urritu ere.
Orkestraren memorietan, aipamen ugari ditugu urte horietako publiko eskasiaz eta, bereziki, diru-sarreren gutxitzeaz. Egoera hori, bestalde, arrunta zen Europako orkestra eta musika-elkarte garaikideetan, 30eko hamarkadaren hasieratik[1].
Hala, estatu osoan zegoen egoera ekonomiko txar eta krisi politikoaren eragina Bilbon eta Bilboko Orkestran antzeman zen, eta entzule falta ohikoa izan zen, esate baterako, 1930-31 denboraldiko kontzertu eta emanaldietan[2]. Hurrengo denboraldiak ere ez ziren hobeak izan: kontzertuek ez zuten apenas etekin ekonomikorik ematen, eta kasu askotan defizita sortzen zuten.
“… entzuleen sarrerek ez dute inoiz kontzertuen antolakuntzaren gastu ugari eta handiak orekatzen, nahiz eta berorietan era askotako murrizketak egin diren, horietako garrantzitsuena kontzertuak antzokietan emateari guztiz utzi eta Elkarte Filarmonikoaren aretoa emanaldietarako egoitza bakartzat hartu izana”[3]
1934-1935 denboraldiko memoriak, bere aldetik, “hondamen ekonomikoa” aipatzen du. Orkestrak bostehun pezeta baino gehiago galdu zuen kontzertu bakoitzeko.
Irakasleen bizimodua oso zaila zen eta asko ziren orkestrako soldata beste zeregin batzuetan, batez ere hiriko musika-areto eta kabaretetan, lortutakoarekin osatzen zutenak. Horrela, jakina, denbora gutxiago zuten entsegu eta kontzertuetarako, eta ez ziren gutxi orkestraren kalitate eskasaz eta denboraldia aurrera eramateko zailtasunez kexu zirenak. Horrez gain, haien lan-egoerak ezinezko bihurtzen zuen, Orkestrak Bilbotik kanpo jo zezan.
Artean, zinema ahosduna hasi berria zen[4], eta horrek ere galera handia ekarri zien zinema-aretoetako orkestretan jotzen zuten musikariei. Zinema-orkestra horietan famatuenetakoa Trueba Antzokikoa zen. Bertan aritu zen Jesus Arambarri, Orkestraren zuzendaria izango zena, Parisa konposizio eta orkestra-zuzendaritza ikasketak egitera joan baino lehen.
Programazioetan, bestalde, ez zen aldaketa nabarmenik etorri Errepublikarekin. Betiko errepertorio sinfonikoarekin batera[5], euskal konpositoreen lanek interes handiagoa pizten zuten. Horrela, esaterako, Usandizaga, Sorozabal, Ravel eta, batez ere, Guridi maizago programatzen ziren Orkestraren kontzertuetarako.
Hala ere, egile horien obrak programatzea guztiz normaltzat jo daiteke, konpositore garaikideak zirelako. Izan ere, Bilboko Orkestran, beste orkestra askotan bezalaxe, ohikoa zen guztiz konpositore garaikideen obrak programatzea. Horrela, aipatu autoreen lanekin batera, urte horietan idazten eta estreinatzen ari ziren beste batzuen lanak ere interpretatu ziren; Joaquin Rodrigorenak, kasu.
Aldundiak Orkestra finantzatzen jarraitu zuen, eta, eskuarki, ez zen aldaketa nabarmenik sumatu Bilboko bizitza kulturalean, krisi ekonomiko eta politikoak eragindako arazo ekonomikoez gain.
Eguneroko bizitzaren jarraikortasuna izan zen Bilbon, eta Euskadin, Errepublika garaiko bereizgarri nagusietako bat. Kultura-jarduerez gain, hezkuntzak, ekonomiak, erlijio-ohiturek edota unibertsitateak normaltasunez iraun zuten. Izan ere, Bilbon eta Euskadin, handia izan zen agintarien ahalegina, nazionalistena bereziki, bizitzak “normal” jarrai zezan, desordenarik eta gorabehera handirik gabe.
Oro har, Errepublikak ez zien aldaketa esanguratsurik ekarri bilbotarrei eta, horren ondorioz, Bilboko Orkestraren jarduerak antzera jarraitu zuen, gorago aipatutako gorabeherekin. Benetako zirrara, benetako suntsipena, Gerra Zibilarekin etorri zen Orkestrara.
– – – – –
[1] Vladimir Golschmann orkestra-zuzendariak luze jardun zuen Europako orkestren egoera ekonomiko larriaz, 1931ko martxoaren 17an, El Nervión egunkarian eman zuen elkarrizketan. Golschmann askotan izan zen zuzendari gonbidatua Bilboko Orkestra Sinfonikoan, Armand Marsick-ek 1927an alde egin, eta Jesus Arambarrik 1932an kargua hartu zuen arte.
[2] Bilboko Orkestra Sinfonikoaren memoria (1930-1931). Bilbo 1931
[3] Bilboko Orkestra Sinfonikoaren memoria (1932-1933). Bilbo 1933
[4] 1929-1930 denboraldian
[5] Orkestraren hasieratik, eta irakasleen mailak eta orkestraren eskarmentuak horretarako bide ematen zuten neurrian, garaiko orkestren ohiko errepertorioa jotzen zuen Bilbokoak ere: XIX. mendeko autore klasiko eta erromantikoena, sinfonikoa batez ere (Beethoven, Mendelsohn, Bramhs, Franck, Wagner, …), XIX. mendearen amaierako eta XX.eko hasierako musikagile famatuenena (Mahler, Brukner, …) eta Espainiako eta Euskal Herriko musikagile ezagunena (Rodrigo, Guridi, …)
1 comentario
Benetan eskertzekoa Josune Ariztondoren hitzaurrea. Egia esan, askotan gurutzatu izan dira gure bideak, beti ere kultura eta euskararekin zerikusian, eta, bere kasuan nirean baino maizago, horien aldeko ahaleginean. Ohorea dira, beraz, niretzako, haren hitzak.