Juan Carlos Murillo
Irakaslea eta musikan titulatua
Bilboko Orkestra Sinfonikoa gerra-hilabeteetan.
Bilbo Errepublikaren alde mantendu zen 1936ko uztailaren 18an jeneral faxistek estatu kolpea eman zutenean, Bizkaia, Gipuzkoa, Santander eta Asturiasekin batera. Inguruko beste herrialde batzuk, berriz, Burgos, Araba eta Nafarroa, kolpisten esku geratu ziren hasieratik, eta, horren ondorioz, penintsularen iparraldeko probintziak isolatuta gelditu ziren.
Estatu kolpetik hiriaren erorialdira bitartean eguneroko bizitza eta antolamendu zibilari eusten saiatu ziren bilbotarrak eta beraien agintariak, eta baita ordena zibila bermatzen ere. Oro har, askatasun eta tolerantzia erlijioso handiak izan ziren eta baita ordena zibil aparta ere, Errepublikaren beste lurralde batzuetan eman ez zena.
Eguneroko bizitza eta gizarte zibilaren antolamendua mantentzeaz batera, euskal armada, Euzko Gudarostea, eratzea izan zen Jaurlaritzaren lehentasunetako bat,[1] eta horretarako, eskarmentu militar eskasa zuten hiritarrez, milizianoez, baliatu ziren. Batailoiak, penintsulako beste lurraldeetan bezala, alderdi politiko eta sindikatuen arabera antolatu zituzten.
Orkestrak, testuinguru horretan, bi zeregin nagusi izan zituen: batetik, denboraldiari eta kontzertuei, hiriko bizitza kulturalari, eustea, bizitzak normal jarraitzen zuela erakustea, alegia; eta, bestetik, batailoietako bandak musikariz hornitzea.
Musikariak eta orkestrako langileak, bestalde, gainontzeko hiritarrak bezala, gatazkaren alde batera edo bestera lerratu ziren, bakoitzaren ideologia eta aldekotasunaren arabera. Hala ere, azpimarragarria da Orkestra Sinfonikoko irakasleak, oro har, ez zirela frontean hil. Musikariak ez ziren, gehienetan, batailoietara soldadu joaten, erregimentuetako bandetara baizik; bereziki, haize-musikariak baziren. Haien funtzioa normaltasuna mantentzea zen, soldaduei eta atzeguardiari, gizarte zibilari, animoa ematea. Badira frontean hil zirenak, noski, baina horiek salbuespena ziren; orokorrean musikariak babestu beharreko elementuak ziren.
Bestalde, interes handia egon zen bertoko kulturaren adierazleak salbatzeko. Horrenbestez, euskal pintoreen eta artisten lanak babestu ziren bezala, musikariak ere salbu mantendu behar ziren. Musika, gainontzeko kultura-jarduerekin batera, garrantzitsua zen une haietan eman nahi zuten nazio-irudia mantentzeko, zein gerra bukatu eta irabazi ondoko berreraikuntzarako: hala, moneta jaulki zen, unibertsitatea sortu eta abiatu zen, osasun-sistema, armada, … egitura sozial eta, bereziki, zibil propioa abiatzeko asmo tinkoa erakutsi zuten garaiko agintari eta gizarte-eragileek.
Estatu kolpetik, 1936ko uztailaren 18tik, Bilbo 1937ko ekainean erori zen arte, hamaika hilabete pasa ziren. Hilabete horietan Bilboko Orkestra Sinfonikoak bere ohiko jarduerari eutsi zion, edo ohikotzat jo zitekeen jarduerari, behintzat, Gerra Zibila, harrezkero, hasita baitzegoen. Jesus Arambarri zen, artean, formazioaren zuzendaria.
Hilabete horietako musika-jarduera ez zen txikia izan. Aipatua dugu agintarien interesa eguneroko bizitzak, kultura eta musika barne, normaltasunez, edo normaltasun itxuraz, jarrai zezan. Orkestrak, bestalde, berebiziko garrantzia erakutsi zuen ekimen politikoaren aldeko komunikazio eta propaganda-tresna gisa, Jaurlaritzarentzako dirua bilduz (denboraldiko kontzertuak, askotan, Gizarte-Laguntza departamentuarekin batera edota berorren alde antolatu ziren, esaterako) eta une eta ospakizun jakinetan joz.
Errepublika garaiko azken denboraldian, 1936-37 denboraldian hain zuzen, orkestrak ia kontzertu-denboraldi oso bat egin zuen. Guztira, bederatzi kontzertu eman zituen; hamaika, 1937ko martxoaren 27, 28 eta 29an, Aberri Eguna ospatzeko Euzko Gazteriak Arriagan antolatu zituen Jesus Guridiren Amaya operaren hiru emanaldiak zenbatuta[2].
Hamaika horien artean, eta Arriagako hiru emanaldiez gain, beste zortzi kontzertu eman zituen orkestrak: Sei Gizarte-Laguntzarekin batera, edota berorri laguntzeko, eta beste bi: bat “Avión Euzkadi”, euskadiko hegaz-armadaren, eta “Konsomol”-en alde eta bestea “Konsomol”-en aldeko egunekoa, 1937ko apirilaren 4an; Bilboko Orkestra Sinfonikoak hiriaren erorialdiaren aurretik eman zuen azkeneko kontzertua, hain zuzen.
Batailoiak.
Gobernuak, Euzko Gudarostearekin batera, Errepublikaren armadako batailoiak eratu zituen, alderdi politiko edota sindikatuen agindupera. Orkestrako musikariak ere, bestelako hiritar arruntak bezalaxe, horietan sartu ziren, bakoitzaren uste edota aldekotasun politikoaren arabera, soldadu edo, gehienetan, erregimentuetako bandetako musikari. Kasu askotan, gainera, mobilizatuak izan ziren eta, diziplina militarpean izanik, ezin izaten zuten entseguetan edota kontzertuetan parte hartu.
Horrelako kasuetan, idatziz jakinarazi behar zieten beren egoera Orkestraren arduradunei. Idazki horiek Orkestraren artxiboetan gorde ziren, nahiz eta gerora batzuk desagertu edota desagerrarazi ziren. Agiriok informazioa ematen digute Orkestrako irakasleek gerran izan zuten parte hartzeaz eta, horrekin batera, orduko Bilboko gizartearen irudia erakusten dute: orkestra hiriaren mikrokosmosa dugu, berriz ere.
BOSaren artxiboek Francoren estatu-kolpeak eta ondorengo gerraren inpaktu sakonak eragindako arrastoak dituzte oraindik. Orkestraren artxiboetan, batailoietako bandetan aritzen ziren irakasleen entsegu edota kontzertuetako hutsegiteak zuritzeko agiriak daude, eta horien artean batailoiak osatzen zituzten alderdi guztietakoak: PNVkoak, ANVkoak, Fronte Popularrekoak edota anarkistenak. Idazkiek, gainera, zegokien alderdi edo sindikatuaren idazkera erakusten dute, erakundearen arabera (CNTkoek, esaterako, “salud camaradas” eta antzeko esapideak erabiltzen dituzte ziurtagirietan).
Eskuarki, batailoietako buruek sinatzen zituzten ziurtagiriok, eta gehienek argi egiaztatzen dute entsegu eta beste hainbat konpromiso bete ez izana arrazoi militarrengatik izan zela; alegia, musikariak erroldatuta zeudela adierazten dute, batailoi bakoitzaren inprimaki idazpurudun ofizialetan idatzita eta batailoi-buruak sinatuta, gainera.
BOSaren artxiboetako dokumentazioaren arabera, musikagile asko formazio antifaxistetan ibili ziren. Batailoi desberdinetako eta espektro zabaleko ideologiadun agiriak daude gordeta: Azaña batailoikoak, MAOC (Langile eta Nekazarien Milizia Antifaxistak) eta CNT organizazioetakoak, edo Euzko Gudarostekoak , besteak beste.
Gorago aipatu bezala, Orkestrak bere jarduerari eutsi zion 1937ko martxoan eta apirileko lehenengo asteetan. Izan ere, irakasle guztiak ez ziren batailoietan sartu eta, bestalde, emakumezko musikariak ere baziren orkestran eta horiek, oro har, ez ziren frontera abiatu. Gainera, azkeneko mementora arte normaltasuna mantendu nahi izan zen hiri setiatuaren barruan. Orkestrak, bandak eta txistularien bandak, ahal izan zuten bitartean, lanean jarraitu zuten, bizilagunei adorea eta atsedena emateko.
Bilboko herritarren bizimodua latza zen. Ingalaterrako itsas-armada Bilbo eta inguru setiatuak janariz hornitzen saiatu zen, eta baita neurriren batean lortu ere (Seven Seas Spray ontziari esker, esaterako). Hala ere, behar-beharrezko gaiak, elikagaiak, lehen-gaiak, eta abar eskasak ziren eta elikagai-bilketak eta espekulazioa ohikoak, setioak iraun bitartean. Errazionamendu-liburuxkak ezarri ziren. Milaka errefuxiatu heldu ziren Bilbora, Gipuzkoatik batez ere, eta eskola eta aterpeetan ostatu zituzten. Azkenean, matxinatuak Bilbo bonbardatzen hasi ziren[3]. Adar-hotsak eta babes-lekuak; gerraren kontzeptu berria, biztanleria zibilari masiboki erasaten ziona: ondorengo urteetan eta gatazketan nagusituko zena.
Bilboko Orkestraren azkeneko kontzertua, Konsomol-en aldekoa, apirilaren 4an izan zen, Buenos Aires aretoan.
Egun horietan, 37.000 ume baino gehiago, “gerrako umeak”, Europako herri libreetarantz ontziratu ziren, gerratik salbuesteko asmotan. Maiatzaren 6an, Nafarroako Brigadek Sollube mendia hartu zuten, eta ekainaren 6an hasi ziren tropa faxistak Burdinazko Gerrikoa gainditzen. Han eta Bizkaiko beste toki batzuetan zeuden soldaduek Bilbora biltzeko agindua jaso zuten. Ekainaren 13an, Eusko Jaurlaritzak Bilbotik alde egin zuen eta ekainaren 19an erori zen Bilbo.
– – – – –
[1] Armada osatzea lehentasunezko gaia zen estatuaren egituraren osagai garrantzitsua delako, gerra-garaietan bereziki, eta, era berean, lehentasunezkoa zen garaiko agintarientzat gerra bukatu eta irabazi ostean etorriko zen egitura politikoaren oinarria irudikatzen hastea, hala nola kultura-egitura eta erakundeena ere.
[2] Opera-emanaldi hauek ez dira Bilboko Orkestra Sinfonikoaren programetan agertzen, baina aipamen ugari daude, kontzertuotan aritu zirenak orkestrako musikariak zirela adierazten dutenak.
[3] 1937ko apirilaren 18an hegazkin alemaniar eta italiarrek Bilbo gogor bonbardatu zuten (67 hildako eta ehunka zauritu) eta 26an Gernika.
Bilbo eta Orkestra Sinfonikoa hiriaren erorialdiaren ostean. Jazarpena.
Garaitua eta hartua zen hiri garaiezina. Garaileek berehala indargabetu zuten Kontzertu Ekonomikoa, eta Bizkaia eta Gipuzkoa probintzia traidore izendatu, 1937ko ekainaren 23an, hiria erori eta lau egunera. Haientzat oso garrantzitsua zen Euskadi mendean zutela jakinaraztea eta arma politiko gisa erabiltzea, oraindik gerran zirauten beste herrialdeei eta, batez ere, Madril menderakaitzari begira.
Sonatua da oso, sonatua eta ospetsua, José Mª de Areilzak, Bilboko alkatetza hartzean, Coliseo Albia antzokian, “Homenaje al Glorioso Ejército y Milicias Nacionales” izenburupean, 1937ko uztailaren 8an eman zuen hitzaldia:
“Ha habido, vaya que si ha habido, vencedores y vencidos. Ha triunfado la España una, grande y libre (…) Ha caído vencida para siempre esa horrible pesadilla siniestra que se llama Euzkadi (…) Vizcaya es otra vez un trozo de España por pura y simple conquista militar.”
Euskadin, eta Bilbon, gerra oso arin galdu zen. Iparraldeko Frontean, gerra laburra izan zen, eta Bilboko Bataila, are laburragoa eta, horren ondorioz, eta musikariak aurrean ibili ez zirelako, ez zen musikari asko hil frontean.
Agintari berriek berehala ekin zioten orkestra berrantolatzeari, eta horretarako udal-banda eta orkestra sinfonikoa batu zituzten Bilboko Udal Orkestra, Orquesta Municipal de Bilbao, deiturapean; sentsibilitate eta funtzio desberdinak erakunde bakar batean, eta lan hori, –orkestra berria osatzea eta kohesionatzea, alegia– Jesus Arambarriri, Orkestra Sinfonikoaren zuzendariari, egokitu zitzaion.
Garaileek orkestraren dokumentazio ugari aurkitu zuten, hiria hartu ondoren. Agiri horien artean zeuden batailoietako zereginetara joateko baimena eskatu eta horietan parte hartu izana zuritu zuten musikarien agiriak.
Orkestraren artxiboak gorde egin zituzten. Zergatik, ordea, artxibook gorde edota salbatu ziren ez da ezagun: nahita gorde ziren? errore baten ondorioz? kasualitatez? … zaila da hori argitzea. Kontua da artxiboak salbatu egin zirela eta bertan aurkitu irakasle askoren ibilbide politiko eta militarrari buruzko aztarnak: horixe da ziur dakigun gauza bakarra. Ez dago ziur jakiterik, halere, desagertu zirenak nahita desagertu ziren edota geratu zirenak zergatik salbatu ziren. Gauza da agiriak artxibategian gorde zirela, irakasleen gerrako ibilbidea erakusten zuten agiriak barne.
Irakasleak, haien aldetik, berehala saiatu ziren orkestran zituzten postu eta atriletara itzultzen. Badaude artxiboetan 1937ko ekainean bertan, Bilbo erori eta egun gutxitara, irakasleek orkestran berriro sartzeko egin zituzten lehenengo eskaerak.
Berrekitea berehalakoa izan zen, eta horrek ere, hiria, jarduera ekonomikoa eta bizitza zibila hain arin eta hain gogotsu berrantolatzen hasteak, bazuen bere arrazoia, Areilzak Coliseoko diskurtsoan argi utzi zuen bezala: mendekua hartu nahi zuten.
Segidan ekin zioten agintari frankistek orkestra berriz osatzeari, 1937 eta 1938 urteetan. Bi arrazoi nagusi izan ziren orkestra lehenengo egunetatik bertatik berrantolatzen hasteko: alde batetik, orkestrak berebiziko garrantzia zeukan propaganda-bide gisa, batez ere gerraren azkeneko hilabeteetan, eta, bestetik, mendekua hartu nahi zuten. Garaituak makurtu egin behar ziren, umildu. Estatu-kolpea eta kolpistak garaile atera zirela erakustea oso garrantzitsua zen agintari berrientzat. Ez zen nahikoa irabaztea; galtzaileak umilduta agertu behar ziren.
Musikariek, gerran egin zuten ibilbidea egin zutela, orkestrara itzuli nahi zuten gerraostean, eta horretarako erregimen berriarekiko, Mugimendu eta Francoren erregimenarekiko, leialtasuna erakutsi behar zuten. Horren baitan izango zen lanik izatea ala ez izatea; ogia irabazi eta familia aurrera atera ahal izatea, alegia.
Oso material hunkigarria dago Orkestra Sinfonikoaren artxiboetan, gerran batailoietako zereginetan parte hartzeko baimena eskatu eta gerraostean arazketa-epaitegien aurrean jarri zituzten musikari eta langile askori buruz. Poliziak eta epaileek dokumentu horiek erabili zituzten, orkestraren artxiboetan geratu eta garaileek aurkitu zituzten agiriak hain zuzen, musikariek orkestrara itzultzeko egindako eskaerak onartzeko ala errefusatzeko eta, askotan, irakasleei eurei erakutsi zizkieten dokumentuok, bertan “traidore”, “aurkako” edota antzeko hitzak gorriz idatzita.
Ez dago agiriok nahita gorde zirela esatera eraman gaitzakeen ebidentziarik, ez eta kontrakorik baieztatzera eramango gaituenik ere; hau da, ez zirela kontzienteki eta nahita gorde. Agerikoa da agiri batzuk gorde egin zirela eta beste batzuk, berriz, desagerrarazi edo, behintzat, lapurtu, eta ez dago jakiterik zenbat dokumentu, agiri-kaxa edo karpeta gorde eta zenbat galdu, bota edota hondatu ziren.
Agiri horiek poliziaren eta arazketa-epaileen eskuetara heldu ziren eta baita, zenbait kasutan, artxiboetara itzuli ere, traidore, aurkako, aldeko eta abar eskuz idatzita. Hortaz, zilegi da pentsatzea artxiboak eta agiriak gorde eta erabili egin zituztela, musikarien alde batzuetan eta haien kontra beste zenbaitetan. Dokumentu horiek ebidentzia argiak ziren irakasle batzuen kontra. Aztarna historiko paregabeak gaur; arma guztiz hilgarriak une haietan.
Txikia zen Orkestraren inguruko gizataldea; txikia hirian jasaten ari ziren mendeku, salaketa, kontu-hartze, desjabetze eta egozte andanaren aldean; baina oso adierazgarria, berriz, gerraostea nolakoa izan zen eta orduan egin eta egin ez zirenak ulertzeko.
Gerraren azkeneko asteetako anabasa hartan gerra bera zen lehentasuna: Errepublika, gobernua, herria, etxea salbatzea eta babestea zen lehentasuna, ez, ordea, orkestraren artxiboak gorde behar ziren ala ez erabakitzea.
Kontua da artxiboak, artxiboetako dokumentu asko behintzat, bertan gelditu zirela, Orkestraren egoitzan, eta gerraosteko berrekitean polizia joan zela orkestran berriro sartu nahi zuten musikariak eta langileak ikertzera eta haien leialtasuna, erregimen frankistarekiko eta Mugimenduarekiko leialtasuna, hain zuen, aztertu eta egiaztatzera. Trantze horretan, berebiziko garrantzia hartu zuten artxiboetan aurkitu zituzten agiriok.
Irakasleek zin egin behar izan zuten Francoren erregimenarekin eta Mugimendu Nazionalarekin leialak zirela, eta orduan poliziak haiei buruzko informazioa bildu eta espedientea irekitzen zien, banan-banan, bakoitzaren ibilbidearekin. Badira gaur egun ere, orkestraren artxiboetan, poliziaren txostenak, irakasleen nondik norakoa azaltzen dutenak: bandoa, batailoia, egitekoa, aldekotasuna …
Orkestran berriro sartzeko, gainera, erregimen berriarekiko leialtasuna erakusteko, gerran izandako jokabidea zuritu behar zuten, Mugimenduaren eta Francoren alde zin eginda, edota Errepublika eta gerra-garaikoengatiko karguak kentzeko orriak aurkeztuta. Horren ostean, epaiketara joaten ziren eta Errepublikaren edo Euskadiko Gobernuaren aldekoak zirela eta gerran batailoietan parte hartu zutela adierazten zuten agirien aurrean, horiek guztiak gezurrezkoak zirela zin egin eta sinarazi zieten kasu askotan. Batzuek lortu zuten epaiketa gainditu eta orkestran berriro sartzea. Beste batzuk, ordea, errefusatuak izan ziren, eta berorien karguak kentzeko orrietan, traidor edo denegado hitzak azaltzen dira, gorriz idatzita[1].
– – – – –
[1] Ikus eranskinean “Musikagile bat auzitegian” ataleko dokumentuak