Juan Carlos Murillo /
Gaurko honetan behatokiraino heldu den oihartzuntxoa dut mintzagai: antza denez, bada, oraindik ere, ele-mele eta esamesa franko ikuskizun edota ekitaldietara eramaten ditugun janzkeren kontura.
Ez dut nik kritikatuko opera baten estreinaldia, anfitrioi eta gonbidatu nagusientzat, autoritate, babesle eta abarrentzat, galakoa izan behar den ala ez. Antolatzaileen esku dago hori, jakina, emanaldia nahi duten erara antolatu eta eman nahi dioten tonua eta garrantzia nola azpimarratzen duten erabakitzea. Besterik ez genuen, ba, behar!
Dena den, beti suertatu izan zait deigarri besteen gainean jartzen dugun arreta eta atentzioa, areago haien usadio eta moduak aipatzekoa bada. Eta, horren harira, New Yorkeko Metropolitanen izan ginenekoa etorri zait burura.
Esana ziguten ezinezkoa izango zela opera baterako sarrerak lortzea eta, lortuz gero, ordainezinak izango zirela, garestiegiak. Hala ere, Lincoln Center eta inguruak bisitatzen ari ginela, operarekiko grinak eta tokiaren mitologiak gerturarazi gintuen, Frederikak, Mirellak, Joanek, Nicolaik, Placidok edo Lucianok zapaldutako zoruak ukitu eta ikusitako lekuak ezagutzera, hain zorte onean non takila zabalik topatu eta egun horretarako sarrerak erosterik izan baikenuen: Metropolitanen sarrerak, gaueko emanaldirako, besaulki-patioko hogeita zortzigarren lerroan, erdialdean eta 72 euroan … sinestezina!.
Eta, halako batean, bidaiara zein arropa eramana genuen konturatuta, janzkera berezirik eskatzen ote zen itaundu genion paradisuaren ateak zabaldu berri zizkigun leihatilako aingeruari. “Zaudeten bezala perfektu zaudete” erantzun zigun, gure poza zeruraino eramanda.
Hala, maletan txukunen zegoen eta zimur gutxien zituzten jantziak hartuta, bakero batzuk eta alkandorak gure zamarren azpian, abiatu ginen operaren tenplura, Tosca ahaztezinaz gozatzera. Leihatilan esan zigutena esanda ere, kezka puntu bat bagenuen egoki jantzita ote gindoazen, antzokiaren hall zoragarrian sartu arte. Galaz jantzitakoak bulego edo lantokitik atera berri edota gu bezalako turista liluratuekin nahastuta zeuden, aretoan ez ezik taldeetan ere, elkar agurtzen eta elkarrekin solasaldian: pantailetako izar miretsia (ez dut izenik emango), ikasle, irakasle, erretiratu, gazte, bulegari eta era guztietakoak, musikazale edo ez, nor bere kontuetara, elkarrekin eta elkarri gehiegi erreparatu gabe.
Harez geroztik, irudi hori izan dut beti normaltasun eta hezieraren ikur. Areago, atsedenaldia heldu eta, zerbait hartzera abiatuta, antzokiaren atarian ikusi genituenak, galako zein ez, ilara txukunetan lerrokatuta aurkitu genituenean. Zerbitzari bat, lerro bat, nor bere txanda heldu arte lasai. Eta orduan ulertu nuen zer den gizarte hezi eta demokratikoa: denak berdin, duzun posizio ekonomiko, janzkera edota lanpostua duzula, bata bestearen ondoan, denak elkarrekin solasean eta nor bere tokian, zerbitzariak zer nahi dugun galdetu zain. Lasai.
Eta, orduantxe ere, gogoratu nituen antzoki batzuetako kafetegietako tropelak eta builak, eta zerbitzariek hainbeste gorrotatzen dituzten “¡Oye, cuando puedas!” horiek.