Gotzon Lobera /
Opera baten antzezkizunera joaten garenean, sarri askotan orkestraren eta abeslarien lanari baino ez diogu begiratzen. Betiere, operak badauka berezitasun bat: antzerki abestua da. Hau da, abestiak, ariak, cavatinak… ezinbestekoak dira, baina ez dira behar adinakoak, ikus-entzuleok ikuskizun osoa goza dezagun. Antzerkiaren osagaiek euren eginkizuna bete behar dute bakoitzari dagokion neurrian.
Berealdiko garrantzia dute eszenografiaren osagaiek eta jantziek ere bai, alegia, ikuskizunak sinesgarria izan behar du, opera, antzerki abestua, sinetsiko badugu. Bestela esanda, dramak sinesgarria izan behar du ikus-entzuleontzat.
Irakurle, honezkero zeure buruari itaunduko zenion ea zertan datzan artikulu honen mamia; bada, azken hogeita hamar urteetan eszenografiaren ingurura ekarri diren berrikuntza batzuen gainean aritu nahi dut.
Har dezagun ale bat: Salome operaren antolaketa egin zuen Ken Russell zine-zuzendariak Bonnen, 1993ko ekainean. (Honen erreferentzia ikus daiteke Josep Maria Busquéren “Las modernas escenografías de ópera. Origen y panorama actual” artikuluan; izan ere, artikulu hori Archivo Richard Wagner webgunean dago).
Guztiok dakigu zer dioten Mateoren eta Markosen ebanjelioek, eta guztiok dakigu zein den historia: azkenean, Joan Bataiatzailearen burua Salomeri aurkeztu zitzaion azpil baten gainean. Gertaera Herodes Antiparen jauregian jazo zen.
Bada, britainiar zuzendariak jazokizuna Oscar Wilderen garaiko Londongo putetxe baten ezarri zuen. Ni ez noa atal morala lantzera, ezpada Salome operaren beraren sinesgarritasuna.
Baldin eta Salome emagaldua bada, Herodesek proxeneta behar du. Orduan san Joan Bataiatzaileak zer izan behar du? Non atxilotu behar dute? Zelan hil behar dute? Lepoa moztu behar zaio? Zergatik? Andrazkoen trafikoaren aurka eta Herodes proxenetaren negozioaren aurka diharduelako? Hori sinestekoa da? Ez dut uste.
Ez zitzaion inori bururatu Herodes Antipa, Herodias eta Salome agintearen ordezkariak direla, eta, putetxe baten daudela, gizarteko bazterreko talde baten ordezkariak direla? Egoera biak parekatzekoak ote dira? Ez dut uste.
Bada kontu estetiko bat honetan guztian, eta, aldi berean, batzuon susmoa da lorratzetik urten gura edozein estetikaren gainean jartzen dela zenbait eszena-zuzendariren buruan, ondoren, hedabide jakin batzuetan, informazio orokorreko hedabideetan, eszenografoaren gainean berba egin dadin. Hau da, ikuskizunaren osotasunaren alde jardun beharrean, nork bere burua nabarmentzearen alde jotzen duela begitandu ahal zaigu.
Ni ez nago eszenografiaren berrikuntzaren aurka. Hala eta guztiz ere, berrikuntza horrek lagundu behar dio partiturari, lagundu behar dio libretoari, horiek guztiek osotasuna egingo badute. Bestela, alferrik!, edo kalterako!
Oscar Wildek antzerkia idatzi zuen ebanjelioen testuak oinarri hartuta, eta haien ezaugarri nagusiak zaindu. Herodes Antipas bera da ebanjelioetan eta antzerkian, eta gauza bera esan daiteke Herodias, Salome eta Joan Bataiatzailearen gainean. Hau da, nork bere zeregina du, eta bataren zereginak besteen zereginak mugatzen ditu, eta alderantziz.
Richard Straussek Oscar Wilderen testua erabili zuen opera sortzeko, eta ildo berari eutsi zion. Eta horri ezarri zion musika. Testuak eta musikak bat egin zuten Salome opera sortzeko. Eta edozein eszenografiak hori zaindu behar du, baldin eta operaren osotasunari eutsiko badio.
Hau da, putetxe bat jartzen bada jauregi baten ordez, ordezten diren gainerako osagai dramatiko guztiek zaindu behar dute paralelotasuna, opera bera sinesgarria izan dadin. Oreka hori eteten bada, operak sinesgarritasuna galtzen du. Abeslari ezin hobeak izango ditugu, eta oso onak direla esango dugu; orkestrak bikain jo ahal izango du, eta ezin hobeto jardun dutela esan dezakegu… baina opera gehiago da hori guztia baino.
Opera osagai horien guztien osotasuna da: baterako osotasuna, ez banakako osotasuna. Horregatik, hori guztia ikusiagatik (abeslari onak, musikari onak), opera ona ikusi ez dugula esan daiteke. Zergatik? Balitekeelako osotasun haren osagaietako batek beste osagaien garrantzia ahultzea; historian barik, itxura iluneko putetxe bati bakarrik eman diezaiokegulako garrantzia. Hau da, opera, ikuskizun osoa legez, zapuztu egin da, drama bera usteldu delako. Opera horrek sinesgarritasuna galdu du.