Gotzon Lobera /
Opera baten sinesgarritasuna, lehendik esanda daukadan legez, hainbat faktoreren mendean dago, eta faktoreotako bat karaktereena da, alegia, operaren pertsonaiak haragitzen dituzten karaktere fisiko eta psikikoena.
Adibide hau ekarri nahi dut hona: Wynton Marsalisen Blood on the Fields. Jazz-oratorio honetan, Estatu Batuetako hegoaldeko esklabotasun-aroko bizimodua azaltzen zaigu. Grabazioko abeslariak Jon Hendricks eta Cassandra Wilson ditugu esklaboen paperak jokatzen.
Baten batek sinetsiko luke jazz-oratorio hori abeslari zuriek kantatuko balute? Nik ez, behintzat, eta ez dut uste inori ere hori sinesteko modukoa egingo zaionik.
Badugu beste ale bat, zeharo argi eta argigarri gerta dakigukeena: Anthony Davisen The Life and Times of Malcolm X. Inori bururatuko litzaioke protagonistaren papera ilegorri bati esleitzea? Inori bururatuko litzaioke haren emaztearen papera errusiar andrazko ilehori bati ematea? Ez dut uste.
Izan ere, antzezkizunaren helburua ikus-entzuleak bereganatzea da, eta horiek antzezkizunarekin bat egin dezaten behar-beharrezkoa da norberak ikusten duena entzuten duenarekin bat etortzea, bestela, operak indarra galtzen du, jendeak ez du sinesten ikusten duena, nahiz eta zerutar ahotsak entzun.
Badihardut esaten opera orobatasuna dela, hau da, bera osatzen duten elementu guztien batasuna, eta elementu guzti-guztiak ezinbestekoak dira opera sinesgarri egingo badugu.
Horregatik, ez dut sinesten Carmen operako Carmenen papera mezzosoprano beltz batek jokatzen duenean, edo Escamilloren papera baritono beltz batek edo baritono ilehori edo ilegorri batek jokatzen duenean. Izan ere, pertsonaia horiek Carmenen sinesgarritasuna galaraziko lukete.
Karaktereen kontu honen eretzean, bada beste alderdi bat oinarri-oinarritik zaindu behar dena: pertsonaien nortasuna. Kontu hau azaltzeko, Mozarten Don Giovanniren antzezkizun bat ekarriko dut hizpidera.
2013ko apirilaren 3an, Madrilgo Teatro Realen antzeztu zen austriar musikagilearen operaren Dimitri Txerniakoven antolaketa bat. Ikus-entzuleek deiadarka eta txistuka hartu zuten antzezkizuna. Russell Braun protagonistaren lan ikaragarri onak ez zuen balio izan ikus-entzuleen haserrea baretzeko.
Zer jazo zen? Bada, errusiar eszena-zuzendariak Don Giovanni birsortu edo errekreatu zuenean, arketipo unibertsalaren irakurketa sinestezina egin zuela. Hilketaz barik istripuz hiltzen da Don Giovanni, beste bitxikeria batzuen artean, jakina!
Eta Madrilgo ikus-entzuleak ez ziren lehenengoak errusiar eszena-zuzendariari txistualdi ozena opaldu zioten lehenengoak izan. Egin-eginean ere, hiru urte lehenago, Aix-en-Provence frantziar hirian antzeko emaitzak jaso zituen Txerniakovek. Ikus-entzuleek, leku batean bezala bestean, ez zuten sinetsi eskaini zitzaien historia. Askok, azkenaldi honetan, badute joera hau ahazteko: opera historia abestua da, antzezkizun abestua. Ez da nahikoa abeslari onak izan eta ondo abestea. Operak arrakasta izango badu, hortik harantzago joan behar du.
Zuk, irakurle horrek, beharbada badarabilzu buruan itaun hau: ezin berrizta daiteke ezer operan? Bai, zalantzarik ez. Baina berrikuntza edo sorkuntza edo dena delako hori ikus-entzuleok sinetsi behar dugu, bestela, jai dago!
Nik ez nuke sinetsiko Radames, gurpildun aulki baten gainean jarrita balego antzezkizun osoan, ezinduta dagoelako, edo ez nituzke Romeo eta Julieta itsu bi sinetsiko, euren maitasunaren zio nagusia ikusiaz batera elkar maitatzea izan zelako, eta abar, eta abar.
Aurreko artikuluan jaurti nuen ideia batekin amaitu nahi dut jardun hau, oraingo honetan itaun modura adierazita: ez ote gabiltza azken urteetan enfant terrible askori bidea zabaltzen, beste esparru batzuetan lortzen ez duten nabarmentzea honelako eretietan jadesteko?