Gotzon Lobera /
Opera antzerki abestua da: ikuskizuna. Ikuskizuna den heinean, formatu ezberdinak onartzen ditu, eta, jakina, zinea operari egoki izan dakiokeen formatua da. Beste kontu bat da emaitza arrakastatsua denetz.
Ikuspegi horretatik, zinearen formatu honetan ikusmolde bitatik landu da opera: alde batetik, zuzeneko antzezkizunak zine formatura ekarri dira, eta, bestetik, formatu honetan beren-beregi grabatu dira operak. Telebistaren kontua alde batera lagako dut artikulu honetan.
Zuzenean ematen den opera zine formatuan grabatzen denean, zine-zuzendariak badu makina bat eskuarte bere esku, zuzenean grabatutakoa ondorik eskuztatzeko. Zine-zuzendariak lehendaurrez jarri ahal izan ditu berak egokien iritzi dien kamerak; kamera horiek lekutik lekura aldatu ahal izan ditu; planoak norberak aukeratu ahal izan ditu, azken baten, berak nahi izan dituen aldaketa guztiak sartu ahal izan ditu hobekuntzak lortzeko… salbu eta ingurunea eta kantarien jarduera.
Betiere, zuzenean zine formatuan grabatzen denean, beste aldagarri batzuk sartzen dira: paisaia naturalak sar daitezke, antzokiaren mugak gaindi daitezke, kantarien abestiak behin eta berriro graba daitezke, harik eta interpretaziorik onena lortzeko eta abar.
Edozelan ere, horrek ez dakar berez arrakasta lortzerik, eta sarritan lata barruko produktuaren hatsa dario ikusgai dugunari. Hala ere, badira opera batzuk, zine formatuan produktu on gisa har ditzakegunak. Eta arlo honetan badugu italiar zine-zuzendari bat, lan handia egin duena: Franco Zeffirelli.
Gianfranco Corsi bataio-izenarekin jaio zen Florentzian, orduko Italiako Erresuman, Franco Zeffirelli. Jarduera askotan aritutako artista dugu. Politika aktiboan jardun zuen: gaztea zelarik, nazien aurkako guduan gerrillari legez ibili zen; ondorik, Italiako senataria izatera heldu zen, eta zine-zuzendari eta opera-zuzendaria izan zen.
Bost opera grabatu ditu zinerako, hobeto esanda, lau opera eta Maria Callasi egindako zine-omenaldia. Lau operak Otello (1986), La Traviata (1982), Plagiacci (1982) eta La Bohème (1965). Maria Callasi egindako filma Callas forever (2002) izan zen.
La Bohème izan zen lehenengo ekinaldia, eta teknikaren ikuspegiaren aldetik lata barruko produktuaren usaina gehien dariona da: argi dago elurra ez dela benetakoa, agerralditik agerraldirako pasarteak nabariegiak direla… Hala ere, agerraldi bakoitzaren barruko eszenografia ereduzkoa da.
Aitzindari izateak badakar, ostera, handik urte batzuetara kritikatzen den lana denbora eta lekutik kanpo aztertua izateko arriskua, baina aztertzaileak gogoan izan behar du zer ez zegoen aitzindariaren lana egin aurretik eta zein ekarpen dakarren aitzindariaren lanak gerora begira.
Franco Zeffirelliren ekarpenetatik bat ekarri nahi dut hizpidera oraingo honetan: opera publiko handiari zabaltzekoa. Hogeigarren gizaldiko hirurogeietan opera ikuskizun esklusibista zen, eta gaur egun, lekuan-lekuan, hala gertatu ohi da.
New Yorkeko Metropolitan Opera Housen, Milango La Sacalan… sartzerik ez zuten pertsonei helarazi zien toscanar zuzendariak opera. Gizakume gehienen eskura jarri zuen bera azaldu baino lehen gutxi batzuen eskura zegoen arima-pizgarria. Efektu biderkatzailea guk gogoan har dezakeguna baino askozaz handiagoa izan da.
Efektu biderkatzaileak, berriz, operaren etorkizuna berma dezakeen oinarria ipini du. Opera, ikuskizunaz gainera, edozein gizartetako publiko zabalaren objektu gisa dago merkatuan daborduko. Izan ere, opera biziko bada, antolaketa-kostuak geroago eta garestiagoak direlarik, oinarri ekonomikoari eusten dioten zutabeek irmoak izan behar dute.
Puristek esango bide dute opera, antzezkizuna den aldetik, antzokian antzeztu behar dela derrigor. Nik purista horiei itaunduko nieke ea Jean Phillippe Rameauren Les Indes Galantes 1735ean eta gaur egun berdin antzeztuak diren.
Gaur egun, teknikak aukera izugarriak zabaltzen ditu; gaur berria dena bihar zaharkitua da. Opera bideokontsoletan ikusiko dugu, bai eta egun bururatzen ez zaizkidan formatu guztietan ere. Bestela, operaren etorkizunik ez da izango. Etorkizuna du etorkizunaren arabera moldatzen denak. Ikusmolde horretatik, eskerrak eman behar dizkiogu Franco Zeffirelliri.