Gotzon Lobera /
Antzerkia munduan dauden arketipoez, besteak beste, hornitzen da antzerkigilearen ideia jakin bat, helburu jakin bat duena, azaltzeko.
Egia da historian zehar pertsonaia asko, jokaera ugari, hainbat izaera… ikusten ditugula; hala ere, gutxi dira arketipoak. Itxura baten izaki asko eta latzen aurrean geure burua ikusten badugu ere, haietatik ezaugarri erkideak erauziz gero, arketipo unibertsal gutxi batzuekin suertatzen gara geroenean.
Gaurkoan hizpide erabili nahi dudan arketipoa estaturik gabeko herriena da; izan ere, horrelako herrietan, historia aberatsa izanagatik, badago ezaugarri bat behin eta berriro aurkezten zaiguna, izan zitekeena baina daborduko ez dena: herri handia izan zitekeen, gizuren ugari izan zezakeen, baliorik goienak erakuts zitzakeen, geroenean, ostera, horiek guztiak kultura baten osagai, folklore jakin baten adierazgarri… dira, baina estatu baten gorpuztu ez direnak. Hori guztia dela eta, horrelako arketipoak ezin hobeak dira antzerkigintzarako eta, horrenbesterekin, antzerki abesturako, hau da, operarako.
Horren ildotik, Il trovatore dakart gogoetarako. Libretoa Antonio García Gutiérrez espainiar antzerkigileak idatzitako antzerki-lan baten gainean datza. Espainiar idazle hori erromantizismoaren garaikoa da, eta 1836an antzeztu zen estreina haren obra. Urte batzuk geroago, 1853ko urtarrilaren 19an gertatu zen operaren lehenengo agerraldia Erromako Apollo antzokian.
Guztion ezaguna da argumentua. Hori dela eta, segidan nabarmenduko ditut pertsonaia bi, saiakeratxo honen hizpiderako beren-beregi datozenak: motxailea eta gizurena (Manrique antzerkian, Manrico operan).
Euskalduntasuna argi eta garbi ageri da pertsonaia bi horietan. Alde batetik, motxailea (la zingara) Bizkaiko (Biscaglia) mendi baten ageri da, boteretik urrun, baztertuen erakusgarri. (Operaren pasarte ezagunetakoa da). Motxaileek ferratzaile-lanetan dihardute. Aurkintza ezezagun baten daude ilunetan. Argi dago Bizkaia leku basati legez ematen digutela. Ez, horratik, esangura gutxiesgarrian, ezpada erromantizismoaren garaian denbora hobe galduen erakusgarri. Betiere, indargunetik at.
Bizkaiaren aitamena berriro ageri zaigu Azuzena eta Lunako kondearen arteko elkarrizketa baten. Azuzenak badiotso kondeari Bizkaitik datorrela, eta haren susmoak isiotu. Badakigu jakin, Azuzenak maitasuna irudikatzen badu, kondeak indarra (indarkeria ere esatera ausartuko nintzateke) ordezkatzen duela.
Beste alde batetik, Azuzenaren maitasuna ez doakio kondeari, ezpada Manricori, bizkaitar ezpalekoari. Kondeak, berriz, argi dakusa Azuzena Manricorekin maiteminduta dagoela, eta Manrico bete-betean doakiola Azuzenari. Hemendik aurrerako guztia ezinbesteko amaiera izan behar duen bide batetik abiatzen da.
Manrico indar trabesaren erakusgarria da, orduko denboran ezarrita zegoen agintearen aurka matxinatu zena eta, noraezeko (?), galtzaile irten zena (ba ote dugu gaur egungo euskaldunok horrelako gertaeraren bat buruan?, ziur baietz).
Manrico, geroenean, gizuren tragiko gisa ageri da. Azkenean, Manricok dena galduko du: bizia, matxinada, maitasuna (heriotzaren poderioz)… Eta, arketipo guztietan gertatu antzo, batez ere erromantizismoaren garaiko sustraiko istorio guztietan ageri den bezala, gizuren tragikoa ageri da bere osotasunean: pertsonaren beraren gizuren tragikoaren galera eta berak ordezkatzen duen guztiaren galera.
Ematen du bizi izateko irabazleak nahi ditugula eta antzerkirako galtzaileak nahiago ditugula. Beharbada, Miguel Unamuno Jugo bilbotar filosofoak eman zuen hori guztia garbien argitara Del sentimiento trágico de la vida saiakera filosofikoan, 1912. urtean.
Izan ere, Miguel Unamuno Jugo erabat euskalduna zen jatorriz, sentimenduz eta, askok hau ukatuko badu ere, bizieraz. Berak etsi egin zion euskalduntasuna nagusitzeari, ez ostera, bere euskaldunasunari. Horrela nabari dut, apokatastasisaren garapena egiten duenean.
Beste ikuspegi batetik (edo a sensu contrario), baldin eta guztiok bat egin behar badugu Jaungoikoarekin, gizuren tragikoaren heriotza ezinbestekoa da gertatu beharrekoa horrela jazo dadin. Apokatastasisa, dela guztiaren giza haragitzea dela guztiaren jaungoiko haragitzea, arketipo guztien bateratzea da. Guztia da bat: irabazlea eta galtzailea.
Edozelan ere, eta Miguel Unamuno Jugok esan eta aditzera eman nahi izan zuen guztia hala ez balitz ere (edo izan ez balitz), munduaren sorreran arketipo tragiko bat ageri da: ahularena. Ahulak istorioak, denbora mitiko galduak, sekula santan berriro gauzatuko ez diren errealitate-usteak, izan bide ziren gizurenak… horiek guztiak egia bihurtzen dira antzerkian, eta horrenbesterekin operan.
Hortik harantzago… ikuslearen interesak dira nagusi: tenorraren ahots-zolitasuna behar bezainbatekoa zen, jantziak egokiak ote ziren, orkestra-zuzendariaren ikuspegiak asmatu duen…
Azkenean, opera apokatastasisaren haragitzea da, une jakin baten eta gune jakin baten behin eta berriro galtzaile irten ohi dena eta haren gogaideak irabazle irten daitezkeelako, nahiz eta arketipo baten historia istorio bihurtu eta alderantziz gertatzen dela jakin. Izan ere, horretarako dago opera: errealitatea sortzeko, egunerokotasunetik irten nahi eta egunerokotasuna errotik aldatu nahi dutenek arnasbide berria izan dezaten.