Gotzon Lobera /
Gaurko jarduna Tiefland operari eskaini nahi diot. Niretzat aurreko astea arte erabat ezezaguna, bai eta haren egilea ere. Ziur naiz operazale amorratuen artean ezaguna dela, baina ez daukat hain garbi operazale arrunten artean horrenbeste suertatzen denik.
Egilea Eugen François Charles d’Albert izan zen. Glasgowen jaio zen. Haren ama ingelesa izan zen, eta aita, berriz, alemaniarra, nahiz eta honen gurasoak frantziarra eta italiarra izan.
D’Albertek hogei bat opera idatzi zituen, eta Tiefland (Lur beherea, alemanez), alemaniar verismoaren ale bakarra da (verismoaren kontua dela eta, geroago jardungo dut). Operak atariko bat eta hiru ekitaldi ditu. Hori, egitura formalari dagokionez.
Argumentuaren eretzean, berriz, Àngel Guimerà i Jorgeren Terra baixa antzerki-lana dugu iturburu. Antzerkigilea Kataluniako Renaixençaren barruan lekutu behar dugu. Bide batez, esan behar dugu kataluniar idazlea gogoko zuela Eugen d’Albertek, zergatik eta beste opera bat egin baitzuen, Liebesketten (Maitasun-kateak, alemanez, 1912), Àngel Guimeràren beste lan bat oinarri harturik.
Argumentuaren ildoa landaren (goitarraren) eta hiriaren (mundutarraren) arteko liskarretik doa, eta, horrenbesterekin, gizarteko harremanen egoera gatazkatsua dakarte gogora. Gizonezko aberats batek (Sebastianek) andrezko txiro bat (Marta) artzain batekin (Pedrorekin) ezkonarazten du, harekin harreman sexualak geroago ere izateko baldintzarekin. Geroenean, artzainak eta neskameak alde egiten dute mendietara, behin artzainak ugazaba hildakoan.
Hasieran esan dudan legez, ez dut opera honen berri izan aresti arte. Opera hau, baina, 1903ko azaroaren 15ean antzeztu zen estreina, Pragako Neues Deutsches Theaterren. Estreinaldi horrek badu bere historia berezia. Izan ere, Pedro antzeztu behar zuen tenor dramatikoa, Wilhelm Elsner, estreinaldia izan baino lehentxoago hil zen, eta, horren ondorioz, beste tenor bat, Desider Arànyi, hartu behar zuten Pedro antzezteko.
Esaten denez, azken tenor honek arineketan prestatu behar izan zuen bere zatia, eta orduko ikusleen artean ez ei zuen onarpen handiegirik jadetsi. Beharbada, eta horregatik, operak ez zuen arrakastarik lortu, eta Eugen d’Albertek opera berraztertu zuen eta beste bertsio bat prestatu zuen, 1905ean Magdeburgon aurkeztu zena. Eta bertsio hau da gaur egun antzezten dena. Betiere, Tiefland hamabi bider antzeztu zen Bartzelonako Liceun, eta antzezpen horiek guztiak xx. gizaldiaren hasieran izan ziren. Hala ere, harrezkero, Alemanian, Austrian eta Suitza alemanean antzezten izan da gehienbat.
Opera honek edo, hobeto esanda, oinarrizko antzerki-lanak testuartekotasun arazo interesgarria dakarkigu. Izan ere, film bi ere egin ziren, kataluniar antzerkigilearen lana harturik, eta film biok alemaniar zuzendari bik egin zituzten: Adolph E. Licho-k (1922an) eta Leni Riefenstahl-ek (1954). Operaren bidez ezagutarazi zen antzerki-lana alemaniar munduan.
Egia esan, Leni Riefenstahlek ezagun zuen Àngel Guimeràren lana. 1934an hasi zen proiektua bururatzen. Ematen du, antzerki-lan horretan islatzen ziren edo islatu uste ziren balio batzuk egoki-egoki zetozkiola Alemanian urte haietan nagusi zen mundu-ikusmolde jakin bati.
Gatozen berriro operara. Eugen d’Albert alemaniar verismoaren ordezkari bakarra dela esaten da. Egia da, ostera, badela opera-kritikarien artean alemaniar verismo hau zalantzan jartzen duenik. Areago, badira Tiefland verismoaren bidetik doala ukatzen dutenak. Izan ere, kritikarion artean, opera honek baditu ezaugarri bi, verismotik aldentzen dutenak: a) dramaren ikur-ezaugarria, eta b) wagnertar prozedura sinfonikoei atxikitzea.
Horrek badu azalpen bat: Rudolph Lothar libreto-egileak Àngel Guimeràren ikuspuntua aldatzen du, protagonistari dagokionez, eta alemaniar libreto-egileak gizuren hutsaren izaerara dakar Pedro. Betiere, nik ez dakit libretoa bakarrik nahiko arrazoia den verismotik aldentzeko opera hau.
Edozelan ere, verista izan edo ez, aparteko aurkikuntza pertsonal bat izan da niretzat, gozatu egin dudana, eta haren egilearen berri zehatzagoen bila eroan nauena.
Amaitzeko, eta Marta abestu duten sopranoetako batzuen izenak kontuan harturik, merezi du esatea pertsonaia hori Maria Callasek, Eva Marton-ek eta Montserrat Caballék, besteak beste, jokatu dutela.