Gotzon Lobera /
XVIII. gizaldiko semea dugu Giovanni Battista Pergolesi. Italiako Ancona probintziako Jesi herrian jaio zen 1710eko urtarrilaren 4an eta Pozzuolin (Napolitik hur) hil zen 1736ko martxoaren 17an.
Lehenengo eta bat, esan behar da Giovanni Battistaren abizena, sortzez, Draghi zela, baina haren familia Pergola hiri txikikoa zenez gero, Jesin pergolatar (Pergolesi) esaten zitzaien haren gurasoei, bai eta berari eta gainerako senideei ere. Hau da, izenordaina abizen bihurtu zen. Izan ere, musikagileak berak erabili zuen izenordain hura bere obrak sinatzeko.
Beste alde batetik, Pergolesi jaiotza beretik osasun ahulekoa izan zen, eta berna bat itxuragaldurik zuen. Hori ez ezik, oso gazterik hil zen, 26 urte eta 2 hilabetekoa zela, hetikak jota. Bizitza laburra izan zuen, baina lan bikaina egin zuen musikan.
Ziur naiz Pergolesiren lanik entzutetsuenetako bat, entzutetsuena ez bada, haren Stabat Mater dela. Musika-lan izugarria. Betiere, musikaren arlorik gehienak jorratu zituen: musika instrumentala, ahots-musika profanoa, ahots-musika erlijiosoa, eta, jakina, antzerki-musika.
Betiere, aurrekoa hala izanagatik, Pergolesik ez zuen obra askorik idatzi, baina egundoko eragina izan zuen Mozartengan, bai eta aro galanteko musikagileengan ere. Gainera, berari zor zaio opera serioaren eta opera komikoaren arteko bereiztasuna.
Pergolesiren opera-zatirik ezagunena La serva padrona da; Il prigioner superbo opera serioaren bitarteko musika-zatia da, hiru ordu laurdeneko musikaldi berdingabea. Halaz guztiz, tarte hau aprobetxatuko dut bere bizitzan estreinatu zuen azken opera aipatzeko: Il Flaminio. Opera hau 1735ean antzeztu zen lehenengoz Napoliko Teatro Nuovon. Libreto-egilea Gennaro Antonio Federico izan zen. Opera komikoa dugu. Lanak erabateko arrakasta lortu zuen hasiera beretik eta 1750. urtea arte antzeztu zen.
Hiru ekitaldi eta 55 gertaldi ditu; horiez gainera, badu sarrera instrumental bat, oso dotorea dena eta hiru mugimendu dituena. Opera honetan baditugu zati errezitatuak, baditugu ariak… Geroenean, ia hiru orduko musika ederra entzuteko aukera paregabea da.
Aipatzeko modukoa da hizkuntzaren erabilera; izan ere, napoliera darabilte behe-mailako pertsonaiek, goi-mailakoek italiera darabilten artean. Alderdi horretatik aztertuta, garbi ageri da Federico libretto-egilearen kultura-eragina. Estrategia hori beste hainbat operagileren lanetan ikusi ahal da, batez ere opera bufoaren arloan, eta ez italiar operan bakarrik.
Badakit gustu kontua dena, badakit hainbat kritikariren eta operazaleren iritzian opera bufoa ezin pareka daitekeena opera serioarekin. Horrelako aburuen aurrean, nik itaun hau egiten diot neure buruari: musika ona da, ala ez? Nire ustez, Pergolesiren obra hau ezinbestean entzun eta ikusi beharreko lana da, hamazortzigarren gizaldiko musika ulertu nahi badugu behintzat, bai eta ere haren ondorik etorriko zen musikaren zuztar batzuk eriden nahi baditugu.
Baliteke Pergolesiren bekatu larria izatea herri beheak haren musika maitatzea, eta horrelakoetan badakigu kritikari “serio”en jarrera zein izan ohi den: mespretxatu eta gutxiestea.
Betiere, laga ditzagun alde batera iritziak. Nik gonbidatu nahiko nizuke, irakurle horri, Italiako Jesi herrian, Pergolesiren jaiotzaren hirurehungarren urtea zela-eta han egin zen antzezpena ikustera. Zuk zeuk atera behar dituzu ondorioak, irakurle horrek, zuk zeuk entzunez eta zuk zeuk ikusiz. Sarriegi lerratzen gara kritikarien iritzietara, jatorrizko produktua zein den dastatu barik. Ez al da Pergolesiren opera honekin eta haren gainerako musikarekin horrela gertatuko!