Gotzon Lobera /
Aurten, datorren azaroaren 13an berrehun eta berrogeita hamar urte beteko dira operagile oparoenetako bat heriotza gertatu zenetik: erbestean. Haren opera batzuk behin baino gehiagotan entzun ditugu, bai eta sarriago ere.
Haren opera batzuk entzun baditugu ere, haren beste lan batzuk ez dira urte askotan ikusi ahal izan. Zergatik? Badakit opera-enpresaburuek euren bizimodurako ondo datozen operak taularatzen dituztela, eta euren bizimodua hortik ateratzen dutela.
Hori hala izanik, benetakotasuna, egia, zilegitasuna… zaindu behar dira, bai eta prestutasuna ere; egin-eginean ere, badira Aita Santuaren Estatuetako Pesaroko operagilearen opera nahikotxo ezagutzen ez direnak.
Gaur egun, zorionez, eta gaurko teknologiak bide, haren obra gutxi ezagunak ikusteko parada dugu. Dena dela, badirudi kontu bat dela predikatzea, eta beste bat, erabat bestelakoa, kontuak behar den moduan egitea: nahi dena erakusten da, nahi ez dena ezkutatzen da.
Honetara ezkero, Pesaroko operagileak egin zituen ia 40 operetatik, zenbat ikusi dugu behin, zenbat birritan, zenbat askotan eta zenbat, berriz, sekula ere ez? Hasieratik itzulita: zenbat operazalek jakin du italiar operagileak hainbeste opera idatziak zituela?
Zenbat operazale konturatu da, adibidez, Guillaume Tell operaren libretoa frantsesez idatzi zutela Étienne de Jouy-k eta Hippolyte Bis-ek idatzi zutela Friedrich Schiller-en testu alemanaren gainean? Zergatik opera horren obertura usuala da kontzertu sinfonikoen hasieretan, baina opera ia ez den haren osotasunean ikusten?
Badakit azokak agintzen duena; badakit negozioak ikuskizuna bideratzen duena; badakit opera ikuskizun legez garestia dena… Hori esanda, ez ote litzateke komeni izango Gioachino Rossiniren opera ezezagunenak taularatzea italiar musikagilearen irudi osoagoa izateko?
Izan ere, Pesaroko semeak, operez gainera, erlijio-musika, kantatak, ereserkiak eta abesbatzentzako musika egin zituen, besteak beste. Baliteke interesgarria izatea guretzat, zale hutsontzat, musikaren adierazpide horien elkar-loturak aztertuko lituzketen lanak ikusteko modua edukitzea.
Musika ez da elkar ezagutzen ez duten arloetan banatzen den izaria. Hori baino gehiago da. Musika osoak batasuna du egile baten ikuspegitik. Egilearen bizitzaren aldi ezberdinetako egoera erakusten dute operaz besteko adierazpideek, bai eta operari egin dioten ekarria ere. Zaila da hura haren gogoan bizi izan zen bezala gozatu ahal izatea, baina entzuleoi hartara hurreratzeko bidea eskainiko ligukeen ikuskizuna asko eskertuko genuke.
Beste kontu bat da gaur egun esku artean darabiltzagun teknologien eragina. Ulertzen dut disko-etxeek beste grabaziorik egin nahi ez izatea; ulertzen dut disko-etxeok lehendik eginda dauden grabazio gutxi zabalduak atzera argitaratu nahi ez izatea.
Hori guztia ulertu egiten dut, baina, mesedez, ez adarrik jo. Lehen adierazi nuen kezka bat ekarri nahi dut hizpidera gaurkoan ere bai: opera ahal dutenen eskuetan bakarrik laga nahi dute berriro?, ala konturatu barik eta eguneangoak ustekabean garamatzala, hori ez dugu egiten biharkoa zer izan litekeen kontuan hartu barik? Baliteke, Mefistofelesek Faustori esan zion moduan, ergelkeria askozaz kaltegarriagoa izatea gaiztakeria baino, hura hau baino oparoagoa izatearren. Ez biz!