Gotzon Lobera /
Orain dela gutxi ikusi ahal izan dut Only the sound remains opera garaikidea. Egilea Kaija Saariaho da, finlandiar andrezko musikaria. Antzezpena 2016ko martxoaren 15ekoa da, alegia, estreinako antzezpenekoa, Amsterdamgo Opera Nazionalean grabatutakoa da, Dudok Quartet eta Herbehereetako Ganbera Koruak interpretatzen dute, antzezpena Peter Sellars-ena da, eta zuzendaria André de Ridder dugu.
Opera hau, Espainiako Erresuman, lehenengoz Errege Antzokian antzeztu zen 2018ko urriaren 23an, eta opera honek beste ikuspegi batetik egiten du jauzi arlo honetara. Helsinkin, 1952ko urriaren 14an, jaiotako konposatzaile honek berealdiko aldaketa dakar opera klasikoaren, tradizionalaren edo zaharraren esparrura. Ikus ditzagun opera honen ezaugarri batzuk:
- Musika modalaren ondorioa.— Andrezko finlandiarrak musika-arlo horretan egindako fruitua da.
- Ahotsari dion begirunea.— Oso egoki idatzita dago ahots batzuentzat, eta berak, hasieran operaren aurka zuen iritziaz beste, operari ekin dio idazten, batez ere Olivier Messiaen-en San Frantzisko Asiskoa operaren antzezpena ikusi eta gero.
- Iturri eszenikoa: “No” japoniar antzerki klasikoa da eszenografia burutzeko erabiltzen den teknika. “No” japoniar horrek “trebezia” esan nahi du, eta horrek adierazten digu nondik nora doazen operagilearen asmoak: izan ere, japoniar dramaturgia honek ez dauka batere zerikusirik mendebaldar moldeekin. Eta opera hau bi atal ezberdinetan banatzen du, “No” antzerkiaren obra bi oinarri harturik: Tsunemasa eta Hagoromo.
Hori guztia esanda, beste bereizgarri bat eman dezakegu: libretoarena; hain zuzen, lehenengo atalaren libreto-egilea Ezra Pound estatubatuar olerkari eta kritikari ospetsua dugu, eta bigarrenarena, berriz, Ernest Fenollosa estatubatuar historialariarena.
Antzezpen honetan Philippe Jaroussky kontratenoreak bi rol jokatzen ditu: lehenengo atalean Espiritua da, eta bigarrenean Aingerua. Harekin batera Davone Tines baritonoak Apaizarena eta Arrantzalearena antzezten ditu, hurrenez hurren. Hirugarren antzezlea Nora Kimball-Mentzos, estatubatuarra hau ere, dantzaria dugu Aingeruaren dantza-zatiak eginez.
Musikari dagokionez, beldur barik esan daiteke hizkera musikal berri baten aurrean gaudela. “Betiko” operaz oso bestelakoa. Antzezpena, berriz, oso apala, ia antzinako antzerki greziarrera eroan gaitzakeena, antzezpenerako baliabideak zein diren ikusi eta gero behintzat.
Opera honetan, ahotsek egunduko garrantzia hartzen dute: beste mundu batera garamatzate; baliteke begitazio hutsa izatea, nor mendebaldarra izan eta. Hala eta guztiz ere, musika-bide berria da bere antzinatasunean; beharbada, gaur egun antzinakoa berri agertzen zaigu, gure zibilizazioko moldeetatik at erabat ezjakinak garelako. Badakizue, ezezaguna beti berri.
Opera hau ediren nuenetik hona hiru bider ikusi dut, musika zein eszenografia albait ondoen ezagutu eta haietaz jabetzeko. Ikuspegia zabal betiere. Horrelako eretietan, nork bere lasaitasun-eremutik irteteko aiherkundeari bizkar eman eta artearen adierazpide berriak zabal hartzeko joera izan behar dugu.
Adibide bat eman nahiko nuke honen inguruan: Ludwig van Beethoven musikariak Fidelio aurkeztu zuenean orduko ikus-entzuleentzat musika-molde berri bat agertu zen estraina, zenbaiti hura bereganatzea kosta egin ei zitzaiona, baina horixe da sorkuntza-lanaren merezimendua. Gizakumeok esperientzia berrietara zabaltzea.
Irudika dezagun ume baten hazkuntza: gurasook umea hazten dugunean, egunean baino egunean gauza gehiago irakasten diogu, eta beti gauza berriak irakasten dizkiogu, haren esperientzia aberasteko. Musikaren arloan, ekoiztetxeek sakatuta beharbada, beti-bateko lorratzera eroaten da ikus-entzulea: betidanik ezagutzen duena behin eta berriro ikus-entzutera bideratuta; horrela, ikus-entzule hori esparru itxian uzten dugu, nork bere nortasuna zabaldu eta aberasteko duen gaitasuna ahantzaraziz.
Horregatik guztiagatik, aukera izanez gero, edozein eskuarte dela-bide ikusteko modua topatu behar duzu, irakurle horrek, hasieran ezezagun dena zeure egin eta zeure ikusmoldeak zabaltzeko. Merezi du eta!
Friedrich Nietzschek Gizakoia, gizakoiegia idatzi zuenean jakinbide bat eskaini zigun honen inguruan; hori ez ezik, bera Richard Wagnerren aurkakoa zen erabat. Orain ez diot gaiaren mamiari helduko, baina argibide bat erakusten digu gatazka horrek: unean-unean, nork besteren lana zertan den jakin behar du jarrera bat hartu ahal izateko, dela aldekoa, dela kontrakoa.