Klassikbidea /
Bilboko Arriaga antzokiko foyerra aukeratu zen Bilbon Granadako Festibalaren 73. edizioaren aurkezpena egiteko. Jaialdia ekainaren 7tik uztailaren 14ra egingo da, eta guztira 116 emanaldi izango ditu, kontzertuak, dantza emanaldiak eta kaleko ikuskizunak tartean, 33 jardunalditan, Alhambran eta hiriburu nazariarreko jauregi eta eliza ederrenetakoetan.
Aurtengo edizioak Viena du ardatz eta erreferentzia gune, duela hiru mende baino gehiagotik musikaren hiriburu absolutua, Europako musikaren erdigunea Haydn eta Mozarten garaietatik, eta Franz Schubert, Arnold Schönberg edo Alban Bergen sorlekua izan zena, baita Beethoven, Brahms, Bruckner, Mahler edo Ligeti maisu handien bizitokia ere, besteak beste.
Calixto Bieito Arriaga antzokiko zuzendari artistikoa izan zen aurkezpen ekitaldiaren anfitrioia, eta Antonio Moran Granadako musikaldiaren egungo zuzendariak azaldu zituen 73. edizio honetako nondik norako nagusiak. Haiekin batera, Iñaki Alberdi akordioilari irundarrak ere parte hartu zuen, aurtengo programazioko bi emanalditan parte hartuko baitu.
73.edizio honetan lehen aldiz izango dira Granadan Vienako Orkestra Filarmonikoa, Orchestre de la Suisse Romande, Gustav Mahler Jugendorchester eta Gaztela eta Leongo Orkestra Sinfonikoa; eta festibalera itzuliko direnen artean Orchestre de Paris, Capitole de Toulouse, Espaniako Orkestra eta Koru Nazionalak, RTVEko Orkestra Sinfonikoa, Granada Hiriko Orkestra eta Le Concert des Nations izango dira.
Era berean, maisu handiak bilduko dira aurten, hala nola Kirill Petrenko, Lorenzo Viotti, Charles Dutoit, Christoph Eschenbach, Jordi Savall, Klaus Mäkelä, Tarmo Peltokoski, Vasily Petrenko, David Afkham edo Sir András Schiff.
Maila goreneko piano-jotzaileak izango dira edizio honetan parte hartuko duten bakarlarien artean, esaterako Martha Argerich, Elisabeth Leonskaja edo Sir András Schiff, Paul Lewis edota Alexei Volodinek eta Edith Peñak osaturiko bikotearekin batera, edo Seong-Jin Cho, Alexandre Kantorow eta Juan Floristan talentu gazteekin batera.
Berriz ere, Granadan izango dira Benjamin Alard klabezinista eta organista aparta eta Jean-Guihen Queyras biolontxelo jotzaile ospetsua. Konpositore egoiliarra Jose Maria Sanchez-Verdú (Algeciras, 1968) izango da, eta artista egoiliarra Paul Lewis pianista britainiarra (Liverpool, Erresuma Batua, 1972).
Dantzari dagokionez, hiru koreografo ospetsu izango dira, zein bere konpainiarekin: Blanca Li (Dido eta Eneas), Lucía Lacarra (Lost Letters) eta Sara Baras, Vuela ikuskizun berriarekin. Antonio Gades Konpainiak Odolezko ezteiak aurkeztuko du estreinaldiaren 50. urteurrenean, eta Nice Méditerranée Balletak bere Errauskine aurkeztuko du.
Era berean, Marizak, Portugalgo fadoaren egungo erreginak, ere parte hartuko du jaialdian. Generalifean abestuko du lehen aldiz, eta, horrela, kultura bietako musika-tradizioetan erroturik dauden bi adierazpen batuko ditu, cante jondo-a eta fadoa, hain zuzen ere.
Foto de portada: © Festival de Granada | Fermín Rodríguez