DIE ERSTEN MENSCHEN. OPERA BEHARREZKOA.
Bilbo, 2024ko apirilaren 20a, larunbata. Arriaga Antzokia. Die ersten Menschen (Lehen gizakiak), Rudi Stephanen bi ekitaldiko opera, Otto Borngräberren izen bereko draman oinarritutako libretoarekin. 1920ko uztailaren 1ean estreinatu zen Oper Frankfurten.
Euskadiko Orkestra Sinfonikoa. Robert Treviño, musika zuzendaria. Roberto Baltar, musika zuzendaritzako laguntzailea. Calixto Bieito, eszena-zuzendaria. Nico Weggemans, zuzendari laguntzailea. Rebecca Ringst, eszenografiaren diseinua. Sarah Derendinger, bideoak. Ingo Krügler, jantziak. Michael Bauer, argiztapenaren diseinua.
Interpretatzaileak: Annette Dasch (Chawa-Eva), Simon Neal (Adahm-Adam), Daniel Schmutzhard (Kajin-Kain), John Daszak (Chabel-Abel).
Jatorrizko ekoizpena, Dutch National Opera. Ekoizpen exekutiboa, Arriaga Antzokia, Euskadiko Orkestrarekin lankidetzan. Estreinaldia Estatuan.
JUAN CARLOS MURILLO
Gizadiaren jatorria fundazio-mitoaren arabera azaldua cul-de-sac bat da, irtenbiderik gabeko kalezulo bat, ezinbestean, zorigaiztoko amaiera batera eramango gaituena.
Hori liteke Die ersten Menschen-en argumentuaren abiapuntua: konponbiderik gabeko korapiloa, jatorrizko familia-nukleoa, hiru gizonek eta emakume bakarrak osatua, halabeharrez, intzestura edo desagertzera eramango gaituena, amestutako deus ex machina baten bidez sublimatzen saiatu arren.
Hortik aurrera, gure kulturaren eta, ondorioz, gure teoria psikologiko batzuen leku komun horretan kokatuta, Bieitok Die ersten Menschen (Lehen gizakiak) aparta aurkezten digu, baita bikain aurkeztu ere, Rudi Stephanen opera, Otto Borngräberren izen bereko antzezlanean oinarritutako libretoarekin.
Beste behin ere Arriaga Antzokia nabarmendu egin da, Euskadiko Orkestrarekin lankidetzan, Amsterdamgo Dutch National Operak 2021ean ekoiztu zuen operaren produkzio exekutiboa bere gain hartuz, eta, aldi berean, OLBEk Euskalduna Jauregian egin ohi duen programazioa osatuz.
Rudi Stephan Wormsen jaio zen, Alemanian, 1887ko uztailaren 29an, eta Ternopilen, gaur egungo Ukrainan, hil zen 1915eko irailaren 29an, Lehen Mundu Gerran, eta gazte hil bazen ere, ordurako bere belaunaldiko talentu nagusietakotzat jotzen zuten.
Opera 1920an estreinatu zen, egilea hil eta bost urtera, eta bertan nabaria da Wagnerren eragina, garaiko beste konpositore batzuen obran bezala, Richard Strauss edo Franz Schreker kasu, erromantizismo berantiar baten bitartez modernitate handiagorantz aurrera eginez.
Die ersten Menschen, batez ere, giza bulkaden irudikapen psikologikoa da. Operak Bibliako lehenengo familiaren istorioa kontatzen digu, sexu-bulkadaren eta bizitza espiritualaren artean, irtenbiderik gabe, ahalegintzen diren protagonisten ikuspegitik.
Aipatzeko moduko gauza asko daude produkzio honetan, baina guztien gainetik haren batasuna eta organikotasuna nabarmendu behar ditugu. Osagai guztiak (musika, testua, orkestra, abeslariak, dramaturgia, eszena, jantziak…) naturaltasunez lerrokatzen eta integratzen dira ikusleen esperientzian, egileek hasieratik horrela bururatu izan balituzte bezala. Ohikoa dena Arriaga Antzokiko egungo zuzendari artistikoaren ekoizpenetan.
Esperientzia auditoriumera sartzen garen unean hasten da, besaulki-patioan barneratzen den eszenatoki zirraragarri batekin. Izan ere, Rebecca Ringstek diseinatutako eszenografiak paper garrantzitsua hartzen du ekoizpenean, publikoari aukera emanez agertokian gertatzen den istorioaren giro bortitz eta zapaltzailea hurbiletik hautemateko.
Antzezpena bost minutuko isilunearekin abiatzen da, eta horietan lehenengo familiaren egoera aurkezten zaigu: Adam aspertu eta urrunaren hoztasuna, Evaren nahasmendua eta asegabetasuna bere gizonarekiko bakardadean, eta, bestalde, inolako etorkizunik gabe bere semeekiko erlazioan, Abel maitatua eta Kain arbuiatua, desira berri baten bila. Isiltasuna, eszena-atariko gisa, entzulegoarengan musikaren beharra eta denbora sortarazteko.
Euskadiko Orkestrak Stephanen partituraren interpretazio bikaina eskaini zuen Robert Treviñoren zuzendaritzapean, esanahiz beteriko irakurketa eginaz, hain lotuta dramari non arrastaka eraman gintuen, musikari itsatsita eta, ondorioz, obraren bilakaera dramatiko eta eszenikoari, soinu garbi eta enpastatuaz, gaueko protagonista nagusietako bat bilakaturik.
Orkestra, eszenatokian kokatuta, ikuskizunaren beste elementu bat bezala integratzen da, paradisu klaustrofobiko baten eszena- eta soinu-paisaiaren osagai gisa, non atril bakoitzaren argia izar bat den mikrokosmos horren zeruan.
Sarah Derendingerren bideo-proiekzioek, narrazioan elementu bisual eta piktoriko garrantzitsua txertatzeaz gain, Ringsten eszenografiarekin eta Ingo Krügler eta Michael Bauerren jantzi- eta argiztapen-diseinuekin batera, espazio eszenikoari eta antzezpenari batasuna ematen laguntzen dute, indarra eta dramatismoa erantsiz.
Annette Dasch, Daniel Schmutzhard, Simon Neal eta John Daszak interpretatzaileek gorputz eta arimaz heldu zieten Rudi Stephanen partituran zein Bilbon taularatutako bertsioan dauden erronka ugariei.
Annette Daschek Eva indartsua, sentsuala eta egonezinez betea antzeztu zuen, rolaren eskakizunei sinesgarritasunez erantzunez eta ahots zabal eta sendoa erakutsiz, soprano alemanaren heroi wagnertarrak gogora ekarri zizkiguna.
Simon Nealek Adam heldu bat eskaini zuen, interes handirik gabeko bizimoduan egokituriko autoritate-figura bat. Baritono-ahots handia erakutsi zuen eta sinesgarritasunez interpretatu bere pertsonaia, proiekzio homogeneo eta fraseatze bikaina adieraziz, kutsu wagnertar nabarmenak dituen rolean.
Oso ondo Daniel Schmutzhard baxu-baritonoa, Kain sinesgarria eskaini zuena. Proiekzio eta tinbre homogeneotasun handia adierazi zuen tesitura osoan, amarekiko bere sentimendu lizunetan pertsonaia konbentzigarria antzeztuz eta opera osoan zehar adierazkortasun eta dramatismo nabarmena erakutsiz.
John Daszak izan zen, ziurrenik, gaueko ahots-elementurik ahulena. Papera ez da erraza eta pertsonaiaren eskakizunek zenbaitetan gainditu egin zuten tenore britainiarra, nota zorrotzenetan falsettora eta desafinatzera eramanaz.
Opera beharrezko bat. Bai duen garrantziagatik eta kalitateagatik, baita gure hirira, opera-programazioa bide ezagun eta tradizionalagoetatik ibili ohi den hirira, alegia, ekarri duen ausardia eta berrikuntzagatik ere.
Zalantzarik gabe, Bilboko musika- eta opera-denboraldiko produkziorik interesgarrienetako bat.