Bilbo, 2024ko maiatzaren 12a, igandea. Arriaga Antzokia. Hirira, Paul Hindemithen Wir bauen eine Stadt (Hiria eraikitzen) obran oinarritua. Partituraren egokitzapena Josu Elberdinek egina eta Robert Seitzen jatorrizko testuen moldaketa Marta Garciak. Orkestra eta korurako jatorrizko bertsioa 1930ean estreinatu zen, eta Arriagan aurkeztutakoa, Donostiako Musika Hamabostaldian, 2021ean.
Musika zuzendaritza, David de Oliveira. Klarinetea, Juan Miguel Amador. Perkusioa, Mikel Urretagoiena. Biolina, Marianne Brandstettner. Pianoa, David de Oliveira.
Korua, Easo Gazte Abesbatza. Bakarlariak, Lorea Lopez, Xabat Caminos, Eneritz Aizpurua, Ibai Murillo, Alain Sanchez, Iraide Urbistondo, Nora Osma. Koruaren zuzendaritza eta proiektuaren koordinazioa, Gorka Miranda.
Eszena zuzendaritza, Mafalda Saloio. Eszenografia, Enrique Sancho Pereg. Argiztapena, David Alkorta. Jantziak, Clara Virgili, Fanny Alonso, Ainara Antxia, Nahia Salaberria.
Ekoizpena, Donostiako Musika Hamabostaldia eta Easo abesbatza. ABAO Txiki. ABAO-OLBE Bilbao Opera. 72. denboraldia.
JUAN CARLOS MURILLO
Bada etorkizuna. Hori izan liteke Paul Hindemithen Wir bauen eine Sadt obran oinarritutako bertsio honen mezua, ume eta nerabeen behar, nahi, desiren, balioen eta baita beldurren gainean ere eraikitako hiri berriranzko ibilbidea.
Geure buruari galdetzea zein hiri eraiki nahi dugun gure espazio komunari buruz hitz egitea da, gure polisari buruz, alegia. Hausnarketa horretan neska-mutilei hitza emateak, bestalde, transmititzen dizkiegun eta gure gizarteen etorkizuna definituko duten balioen ispiluaren aurrean jartzen gaitu.
Horrelako zerbait pentsatu bide zuen Paul Hindemithek Wir bauen eine Stadt (Hiria eraikitzen), haurrek abestua eta profesionalak ez diren musikariek interpretatua izateko bere opera idatzi zuenean, oraingo bertsio honetan Donostiako Musika Hamabostaldiaren eta Easo Abesbatzaren eskutik, 23/24 denboraldiko ABAO Txikiren programazioa bikain biribildu duen produkzioa.
Weimarko Errepublikaren azken urteak ziren, bere gainbeheraren hasierakoak, eta Paul Hindemith gerraosteko musika alemaniarrean ez ezik, XX. mende osokoan ere eragin handia izango zuten jarraibideak ezartzen ari zen, elitistatzat jotzen zuten kultura-ereduaren tradizionalismoa eta esklusibotasuna hausteko helburuarekin lan eginez, eta herriak interpretatuko eta entzungo zuen artea sortuz, funtzio hezitzaile garrantzitsua zuen musika.
Hindemithek 1930ean idatzi zuen Wir Bauen Eine Stadt (Hiri bat eraikitzen ari gara) abesti-zikloa, eta haurrek eraiki eta eurek gobernatutako irudimenezko hiri bat du hizpide, egoerak dakarren fantasia, xalotasun eta ausardia guztiarekin, eta umeek interpretatua izateko pentsatua dago.
Izan ere, egileak obra sortu zuen gazteek berrinterpretatua eta antzeztua izan zedin, eta oraingo produkzio honetan ederki bete eta gauzatu egin da konpositorearen asmo hura, Easo Abesbatzaren gazteen eskutik, Gorka Mirandaren koordinazio eta zuzendaritza eta Mafalda Saloioren eszena zuzendaritzapean.
Gauza ederrez beteriko ikuskizuna dugu, baina guztien gainetik musikaren eta ahotsen edertasuna eta bikaintasuna gailentzen da, nabarmen gailendu ere. Bikain, ikuskizunaren beraren planteamendutik bertatik hasi eta emanaldiaren bukaeraraino.
Aipagarria musikoen laukotearen lana, David de Oliveiraren zuzendaritzapean, eta ederra eta eraginkorra Josu Elberdinen egokitzapena, bertsio jarraia, arina eta koherentea.
Benetan txalogarria antzezle gazteen jarduna, bai kantuan baita mugimendu eszenikoan eta dantzan ere, emanaldiaren hasieratik bertatik lotu eta bukaeraraino helduta eraman gintuztelarik.
Bikain korua, ahots eder eta ondo landuak, ondo enpastatuak, eta primeran bakarlariak ere, zein bere ahots erregistroan, obraren mezua eta argumentuan azpimarratzen den aniztasuna eta dibertsitatea ederki transmitituz.
Azpimarratzekoa antzezle gazteen inplikazioa eszenatokitik haratago, sortze-prozesu osoan zehar, eszenografian, musikan, testuetan, jantzietan eta abarretan, parte hartu eta haien ikuspegia, ideiak eta balioak ekarri baitizkiote obrari, egilearen hasierako asmoa ederki gauzatuz.
Obraren planteamendu estetikoari dagokionez, aipatzekoa da arkitektura-jokoetako pieza handien erabilera, artez eta trebeziaz maneiatuak espazio eszenikoa moldatzeko, istorioari jarraikortasun eszeniko eta estetikoa emanaz. Txalotzekoa ere jantzien diseinua, kolore eta formen aniztasunaren erabilera eta genero-bereizmenik eza.
Amaitu da, beraz, ABAO TXIKI ekimenaren denboraldia, familiako txikienei eskainitako programazioa, hiria eraikitzen, etorkizuna eraikitzen ere laguntzen duen eta Bilboko musika-programazioan sendo errotuta dagoen programaren beste denboraldi arrakastatsu bat.
Wir bauen eine Stadt. Eraiki dezagun hiria.