D’Artagnan eta mosketari gazteek abenturaz beteriko urtea opa digute
Bilbo, 2025eko urtarrilaren 2a, ostirala, eguerdiko 12etan. Arriaga antzokia. D’Artagnan eta mosketari gazteak (D’Artagnan y los jóvenes mosqueteros), ekitaldi bateko opera, Jesus Echeverriaren musikarekin eta Victor Iriarteren libretoarekin. Hizkuntza, gaztelania. Iraupena, 70 minutu.
Jose Luis Sola, D’Artagnan. Andrea Jimenez, Ana Austriakoa. Julen Jimenez, Godot. Txema Lacunza, Athos. Juan Gallego, Porthos. Alfonso Garcia Noain, Aramis. Marta Huarte, Adele. Selma Sola, Christine. Julen Garcia, Albert. Iñaki Fresan, Mazarino. Felipe Martinez, Bizco. Mikel Lacunza, Tranco. Mikel Galduroz, ostalaria. Maria Gutierrez, delfina.
Nafarroako Orkestra Sinfonikoa. Musika zuzendaritza, Jesus Maria Echeverria. Nafarroako Ganbara Opera Abesbatza. Koruaren zuzendaritza, Erica Imizcoz.
Eszena zuzendaritza, Victor Iriarte. Eszenografia, Raul Arraiza. Jantziak, Edurne Ibañez. Argiztapena eta proiekzioak, Jorge Urrizola. Eskrima aholkularitza eta figurazioa, Corvus Nafarroako Eskrima Historikoaren Elkartea. Produkzioa, Nafarroako Ganbera Opera (OCN). ABAO Txiki.
JUAN CARLOS MURILLO
Hogei urte baino gehiago igaro dira mosketari ausartek erreginaren lepokoa berreskuratu zutenetik Austriako Anak D’Artagnanen zerbitzuak misio berri baterako eskatzen dituenean: mosketariak beste behin biltzea bere semea, Luis XIV.a Frantziakoa, non ezkutatzen den jakiteko, alegia. Hala ere, Athos, Porthos eta Aramis zahar eta nekatuak ez daude jada bataila askotarako, eta haien ordez beren ondorengoak bidaltzen dituzte: ezeren eta inoren beldur ez diren bi neska ausart eta sukaldari-aprendiz saiatu bat.
Arriaga Antzokiko agertokiak “Bat denontzat eta denok batentzat” lelo mitikoa aldarrikatzen du, ABAO Txikiren eskutik, urte berriari hasiera emateko D’Artagnan eta mosketari gazteak (D’Artagnan y los jóvenes mosqueteros) opera familiarraren estreinaldiarekin, Nafarroako Ganbera Operaren ekoizpena, Jesus Echeverria konpositorearen musikarekin eta Victor Iriarte kazetari eta antzerkigilearen libretoarekin.
Alejandro Dumas idazle frantziarraren Hiru Mosketariak eleberri ospetsuan inspiratuta, opera berri honek pertsonaia ezagunen abentura berri bat eskaintzen digu, fidel infideltasunean, libretoaren egilearen hitzetan, non D’Artagnan eta mosketari gazteek noblezia, ausardia, adiskidetasuna eta leialtasuna bezalako balore unibertsalen alde borrokatzen jarraitzen duten, botere guztia bere esku hartzeko konspiratzen duen Mazarino kardinal gaiztoaren eta haren jarraitzaileen aurka. Egungo garai hauetan ere, antza, istorioa ez zaigu urrunegi gertatzen.
Zirrara ematen digu ikuskizun berri batera sartzeak, emozio ezezagunen bat sentituko edota aurkikuntzaren bat egingo dugulakoan, leku magiko batean murgiltzen ari bagina bezala.
Auditorio desegoki eta handinahiegietara ohituegiak, Arriagak, urtez urte eta ikuskizunez ikuskizun, banbalinen atzean ezkutatutako magiaren jauregian sartzen ari garelako emozio bera transmititzen jarraitzen du.
Kilika eta urduritasun hori areagotu egiten dira, bereziki, baina ez soilik, horrelako antzoki batera lehen aldiz sartzen diren ikusle gazteengan, teloiaren kolore gorri ikaragarriarekin edota benetako orkestra batek betetzen duen zuloarekin topatzeaz batera.
Jesus Echeverriaren partiturak istorioaren narratzaile arin eta adierazkor bihurtzen du orkestra, eta pertsonaia bakoitzaren ekintza eta gogo-aldarteak ederki deskribatzen ditu, kolorez eta adierazkortasunez betetako gai eta baliabideen bidez. Tonalitatearen aukerak baliatzen ditu, euren muturretara eramanda, ahotsentzako zatietan bereziki, askotan muga lauso eta disonantetan mugitzera behartuak, pertsonaiei beren istorioa kontatzeko eta, batez ere, beren emozioak adierazteko balio dietenak, tentsio harmonikoz beteriko jolas batean.
Pertsonaia nagusien banakako esku-hartzeei esleitutako zati linealagoak, ia errezitatuak, multzo zalapartatsu, itsaskor eta barregarriagoekin txandakatzen dira, eta horietan argiago antzematen da orkestrazio bikain eta konplexua, hala nola eskrima-klasearen gaian, ¡Marcha! ¡Romper!, obran zehar gidatzen gaituena kardinalak eta haren segizioek irudikatutako gaizkiari aurre egiten dioten pertsonaien kemena eta ausardia erakutsiz, edo karta-partida dibertigarrian, musikalki kontrastez eta kolorez betea, edo finale koloretsu eta distiratsuan, obra “Denok batentzat eta bat denontzat” leloarekin borobiltzen duena.
Jesus Echeverriak doitasunez eta segurtasunez gidatu zuen obra, orkestra ondo kontzertatutako talde gisa nabarmentzea lortuz, pasarte korapilatsu eta konplexuenak argi entzunaraziz eta publikoaren arreta irabaziz, agerian geratu zena entzuleen zati handi batek azken klimaxean errepikatzen diren gai eta motiboetako batzuk kantatu eta lagundu zituenean.
Obrak ondo egiten du aurrera, bai argumentuari dagokionez, bai musikari dagokionez, pertsonaien eta haien zirkunstantzien deskribapen zehatza eginez, baina badirudi bukatutzat ematen dela trama osoa garatzen amaitu gabe eta hari batzuk lotu gabe utziz, nahiz eta “denok batentzat” eszenak finale kutsu nabarmena izan, batez ere musikari dagokionez.
Ekoizpenak, sei urtetik gorako publikoarentzat gomendatua, nolabaiteko arreta eta gaitasuna eskatzen du antzerki-hizkuntzaren oinarrizko elementuak deskodetzeko. Izan ere, proposamenaren izaera familiarra eta didaktikoa behin baino gehiagotan hauteman zen funtzioan zehar, umeek haiekin zeuden helduei xuxurlatutako galdera eta azalpenetan. Ildo horretan, interesgarria izan liteke gida didaktikoa, edo haren zati bat behintzat, egingo duten bidaia prestatu nahi dutenen eskura jartzea.
Esan bezala, partiturak zailtasun nabariak ezartzen dizkie abeslariei, zenbaitetan, musika-lerro arriskutsu eta muturrekoetan mugitzera behartuak, bereziki beren sentimenduak eta motibazioak adierazten dituzten pasarteetan.
Bi protagonisten parteak gailentzen dira, euren garrantziagatik eta zailtasunagatik, D’Artagnan eta Andrea Jimenez soprano iruindarrak bikain defendatu zuen Ana Austriakoa, alegia.
Jose Luis Solari dagokionez, D’Artagnanen rolean, bere irteeran eta bere duoan sopranoarekin nabarmendu egin zen, ekoizpenaren ahots-ardatzetako bat izateaz gain, partiturak eremu altuenean dituen eskakizun handiei beti aurre egiten lortu ez bazuen ere.
Julen Jimenezek komikotasunez eta hurbiltasunez heldu zion Godoten pertsonaiari, horren parteak ahots-eskakizun ugari dituen arren.
Iñaki Fresanek sinesgarritasunez interpretatu zuen Mazarino kardinal maltzur eta manipulatzailea, gerrako jaun amorratua, nahiz eta batzuetan ahots-presentzia gehixeago faltan sentitu zen bere pertsonaian.
Txema Lacunza baritonoak, Juan Gallego baxuak eta Alfonso García Noain tenorrak, zeinek bere kolore eta tesituran, ondo defendatu zituzten Athos, Porthos eta Aramis zahar eta ajetsuak, beren pertsonaiei komikotasuna eta samurtasuna emateko partiturak eta libretoak eskainitako aukerez baliatuz.
Horien ondorengoei dagokienez, Marta Huarte mezzosopranoak (Adele), Selma Sola sopranoak (Christine) eta Julen Garcia baritonoak (Albert) haien pertsonaien kemenaz eta ausardiaz gozarazi ziguten, hiru rol eta hiru ahots ondo bereiziren bidez.
Ondo Felipe Martínez eta Mikel Lacunza, kardinalaren laguntzaile gaiztoen roletan, eta Mikel Galduroz, ostalaria, eta ondo baita Nafarroako Ganbera Opera abesbatza, bere partea ondo betetzeaz gain, eszenari mugimendua eta kolorea erantsiz, Corvus Eskrima Historikoaren Nafarroako Elkarteko lau kideren laguntza estimagarrriarekin.
Eszenaratzeak oso ondo funtzionatzen du. Bi mailatan banatutako eszenatokiak jokoa ematen du, eta ezpata-komikien estetika, argiztapena eta proiekzioak ere lagungarriak dira eszena bakoitzari sinesgarritasuna eta nortasuna emateko, hala nola garaiko girotzea eta pertsonaia bakoitzaren izaera azpimarratzen eta indartzen duten jantzi eta ile-apainketa ikusgarri eta dibertigarriak ere.
Ekoizpen goresgarri eta dibertigarria, didaktikoa, eta abenturara eta balio unibertsalen defentsan perseberatzera bultzatzen duena, entzuleak, dramaturgia arin eta entretenigarri eta partitura bikainaren bidez, funtzioaren hasieratik amaierako tutti-ra arte harrapatu zituena.