Enperadorearen jantzi berria, edo komediaren beharra
Bilbo, 2025eko martxoaren 16a, igandea, eguerdiko 12etan. Arriaga antzokia. El traje nuevo del emperador opera, Iñigo Casaliren musikarekin eta Pablo Valdesen libretoarekin. Hizkuntza, gaztelania. Iraupena, 75 minutu.
Julen Jimenez, Badulio. Itxaso Moriones, Petulia. Noemi Irisarri, Luccia. Txori Garcia, Ferrucio. Maria Lacunza, Pierrete. Carlos Crooke, Scapin. Txema Lacunza, Roscio. Maria Gutierrez, Sirole.
Sinfonia Navarra Orkestra eta Nafarroako Ganbera Opera Abesbatza. Musika zuzendaritza, Javier Echarri.
Eszena zuzendaritza, Ion Barbarin. Eszenografia, Nafarroako Ganbera Opera (OCN). Jantziak, Edurne Ibañez. Argiztapena eta proiekzioak, Jorge Urrizola. Produkzioa, Nafarroako Ganbera Opera (OCN). ABAO Txiki.
JUAN CARLOS MURILLO
ABAO Txiki programak Enperadorearen jantzi berria ikuskizunaren berrestreinaldia eskaini zigun, Hans Christian Andersenen izen bereko ipuinean oinarritutako Nafarroako Ganbera Operaren ekoizpena. Opera dibertigarria, zuzentasuna, umiltasuna eta zintzotasuna bezalako balioetan oinarritua, eta bost urtetik aurrerako publikoari zuzendua.
Enperadorearen jantzi berria, OCNk duela 22 urte estreinatu zuen lehen opera, ABAO Txikin aurkeztu da, Artearen Komediaren kutsu nabarmena mantentzen duen bertsio berrituan, Iñigo Casali konpositorearen hitzetan, «opera bufoa, umorez betea, eta divertimentoaren zerbitzura dagoena».
Tximinoa txapeletan ere tximino!
Pablo Valdes idazle eta antzerkigileak ipuin klasikoaren alderik satirikoenak azpimarratzen ditu bere libretoan, jatorrizko istorioaren balio inplizituak goraipatuz. Fabula ezagun bat, itxuraren, azalkeriaren eta gezurraren kultua kritikatzen duena eta egia esateko beldurrik izan behar ez dela irakasten diguna. Ipuinaren trama ezagunari, bestalde, komediaren balioaren aldarrikapena eransten zaio, eguneroko errutinaren aurrean antzerkiak gozamenerako eta kritika sozialerako duen ahalmenaren aldarrikapena, alegia.
Ekoizpenak Barroko berantiarraren eta rossiniar klasizismo bufo eta alaienaren arteko une musikal zehaztugabe batean kokatzen gaitu, partitura distiratsu, dibertigarri eta fresko baten bidez, beste estilo eta garai batzuetako erreferentziak ere biltzen dituena, hala nola komedia musikal alai eta barregarriena, edo lirismo handiagoko uneak, enperadorearen jantziaren irutearen eszena, esaterako, non askoz deskriptiboago eta artzainago agertzen den.
Erraz entzuten den musika-markoa, oso koherentea antzeztutako istorioarekin, Sinfonia Navarra Orkestraren interpretazio fresko eta bikain batean, oso formazio erakargarrian (7 biolin, 4 eta 3, bi biolontxelo, kontrabaxu bat, zeharkako txirula, klarinete, fagot, tronpeta eta perkusioa), Javier Echarriren zuzendaritza bikain eta dinamikoaren eskutik istorio dibertigarrian zehar aurrera eraman gintuena. Gainera publiko gazteenak instrumentuak eta haien jotzaileak mirestera hurbiltzeko aukera baliatu zuen, musika eta antzerkia beren dimentsio guztietan esperimentatzeko beste aukera garrantzitsu bat.
Zortzi kantari bakarlarik eta Nafarroako Ganbera Opera Abesbatzak biribiltzen zuten produkzioa.
Julen Jimenezek Badulio ganorabakoaren jantzian sartuta, pertsonaiaren bertsio maitagarria eskaini zuen, errege sinesgarria, ñoñoa eta negartia antzeztuz, bere egitekoa handi datorkiona, eta, aldi berean, bere jatorriaren eta harengan jarritako itxaropen handiegien biktima dena. Tenore nafarra eder eta samur nabarmendu zen erregearen solilokioan, jantzirako oihala ikusten ez duela aitortu nahi eta agerian geratzeko beldurraren artean harrapatuta.
Itxaso Moriones soprano iruindarrak Petulia erregina handinahiaren rola jokatzen du, dena gutxi egiten zaion eta semea babesteko gai ez den erregina zikoitza, agintzaile eta orojakilea, pertsonaiari adierazkortasun eta komikotasun handiak emanez, koloratura kirrinkari eta zurrunaren karikatura bikaina.
Beren aldetik, Txori Garciak, Ferruzioren rolean, pikardia eta komikotasun handia erakutsi zuen komediante burutsua interpretatzeko orduan, eta Noemi Irisarri soprano iruindarra ederki nabarmendu egin zen Luccia, jostun bihurtutako komediante adimentsu eta pikaroaren rolean, ahots bero eta biribila erakutsiz eta erreginaren pertsonaiaren kontrapuntu bikaina eginez.
Maria Lacunzak, bere aldetik, operako rolik maitagarriena antzeztu zuen, Pierrete neskame gaztea, inork jaramonik egiten ez diona, baina egia esatera ausartzen den bakarra. Paper txiki horretan, erreginarekin duen duoan gailendu egin zen, erreginak bi ahotsetan abesteko gai dela sinetsarazi nahi digunean, nahiz eta, benetan, Pierrete zerbitzari ausarta den haren azpitik abesten duena.
Dibertigarria eta oso eraginkorra Carlos Crooke tenore madrildarrak interpretatutako Scapinek eta Txema Lacunza baritono iruindarrak antzeztutako Rosciok osatu zuten morroi-aguazilen bikotea, haien partehartze alai eta komikoekin istorioa aurrera egiten lagundu zutenak.
Maria Gutierrezek interpretatutako Sirole enperatrizaren pertsonaiak biribiltzen zuen zortzikote bakarlariak Nafarroako Ganbera Operako Abesbatzaren osagarria izan zuen aurrez aurre, berriz ere, ondo definitutako eta sonoritate bikaineko ahots-multzoa erakutsi zuena, eta, aldi berean, ezin hobeto bete zuena hain gaizki administratuta dagoen Oropeliako herriaren rola, eszena dibertigarri eta zalapartatsuetan, hala nola koadrilaren dantza jostalari eta iskanbilatsuan.
Eszenografiak ondo funtzionatzen du, antzerki divertimentoaren eta komedia musikalaren ideiekin bat eginez, non pertsonaiek zalaparta eta buila etengabe sortzen duten, erresuma dotore eta distiratsu ager dadin, haien erregea Sirole enperatrizarekin ezkontzea lortzeko.
Azken batean, oso obra dibertigarria, eta, batez ere, lan bikaina eta goresgarria publiko gaztea heientzat espresuki pentsatutako opera-produkzio batekin harremanetan jartzeko.