Bilbo, 2024ko urtarrilaren 3a, asteazkena, eguerdiko 12etan. Arriaga Antzokia. Katu botaduna. Xavier Montsalvatgeren operaren egokitzapena, Nestor Lujanen libretoarekin, pianorako bertsioan, bost abeslari eta dantzari bat, Charles Perraulten izen bereko ipuinean oinarritua. 1947ko udan konposatua, Bartzelonako Gran Teatre del Liceun estreinatu zen 1948ko urtarrilaren 10ean. Rita Cosentino, zuzendaritza eszenikoa eta eszenografia. Cristina Martin, eszenografia. Gabriela Salaverri, jantziak. Lía Alves Santos, argiztapena. Aaron Martín, koreografia eta eszena-zuzendaritzako laguntzailea. ClassicVeten ekoizpena. Sandra Ferrandez, katua (mezzosopranoa). Sonia de Munck, printzesa (sopranoa). Pablo Rossi Rodino, errotaria (baritonoa). Javier Povedano, erregea (baritonoa). Ricardo Llamas Márquez, ogro (baxua). Aaron Martin, untxia. Duncan Gifford, musika zuzendaria eta pianoa. Edukiera: 1.200. Okupazioa: hiru laurden baino gehiago. ABAO txiki. OLBE Bilbao Operaren 72. denboraldia.
JUAN CARLOS MURILLO
Katu botaduna, beste ezer baino lehen, formatu txikiko obra handi bat da, estilo-ariketa moduko bat, altxor txikiz betetako amarru bat, haurrentzako ipuin baten azpian XVIII. mendeko opera txiki bat ezkutatzen duena, eta haurrentzako abestiak, gaiak eta entzuleengandik oso hurbil dauden sonoritateak barne hartzen dituena.
Normalean haurrentzat antzeztutako obra da, nahiz eta Montsalvatgek berak aipatzen zuen bezala, publiko ez hain gazte bati zuzenduta egon, non egileak, tradiziotik abiatuta, gaiak behin eta berriz deseraikitzen eta berreraikitzen dituen, lan zorrotz baten bidez eta ikuspegi abangoardista batetik eraldatuz. Adierazpenaren, sormen-freskotasunaren, haurtzaro urrun eta berraurkitu baten oroimenen erakusgarri bikaina. Begi, belarri, berriekin berrinterpretatutako koadro eder bat.
Maisu handiaren obra entzuteak sortzen duen plazeraz gain, balio handikoa da obra hau ABAO Txikiren denboraldian programatu izana, hau da, haur askori Montsalvatgeren obrarekin harremanetan jartzeko aukera hau eman izana. Agian oraindik ez dute jakingo, baina gerora beste obra askotan aurkituko dituzten sonoritateak dastatu dituzte Arriagako emanaldi honetan. Musika eskola handi bat.
Gauza on eta interesgarri asko daude Katu botadunaren ekoizpen honetan. Ekoizpen osoan zehar oso ondo mantentzen da ipuinaren ideia, bai musikari dagokionez, baita estetikari eta eszenari dagokienez ere.
Eszenografiak espazio-planteamendu erraza eta arina aurkezten digu. 50 x 50 zentimetroko berrogei kubok taxutzen duten espazio eszenikoaren bilakaera benetan interesgarria eta estetikoki koherentea da. Malabarismoa dirudi batzuetan, aldaketa guztietan kubo bakoitzaren alde egokia erakusten baitiote publikoari, eszenografiaren arduradunen lan ona erakutsiz.
Musika, keinuak eta mugimendu eszenikoaren artikulazioa ederra eta oso eraginkorra da. Horiekin eta aipatutako eszenografiarekin batera, jantzi dibertigarriek ipuinetako ilustrazioen esentziari eusten diote, eta pertsonaia bakoitzaren irudi argia eta zehatza transmititzen dute, xehetasun nahikoarekin eta XVIII. mendeko operatxo baten berrinterpretazio-estiloari leial, begirada alai eta jostalari batetik burutuak.
Elementu horiek guztiak koherenteak dira ondo lotutako pintura- eta musika-estiloekin, eta gainerako elementuekin batera ederto laguntzen dute familian ikusi eta entzuteko pentsatutako ekoizpenari koherentzia ematen.
Izan ere, ekoizpen honetan nabarmendu beharreko ezaugarririk baldin bada, elementu guztien artean dagoen batasuna eta koherentzia aipatu behar da: abeslariak, dantzaria, piano-jotzailea, zuzendaritza eszenikoa, eszenografia, jantziak… Talde-lan ederra, Montsalvatgeren obraren espiritua fideltasun handiz transmititzen duena.
Bikainak musika zuzendaritza eta partituraren interpretazioa pianoan, Duncan Giffordek maisutasunez eta leialtasunez eginak, Montsalvatgeren obraren espiritua pitzadurarik gabe transmititzea lortzen dutena. Interpretazio bikaina, leial autorearen garai eta une jakin bati, XX. mendearen lehen erdiko abangoardia askotan zehar ibiltzera garamatzana, argiz eta freskotasun musikalez beterik.
Aipatutako batasuna eta koherentzia bereziki antzematen dira antzezleen lanean, bai musikari dagokionez, bai pertsonaien interpretazioari dagokionez, bi osagai horiek modu nabarmenean osatzen baitira.
Montsalvatgeren operako katua ipuinekoa baino apur bat maltzurragoa da, eta ez hain zitala, biak adimentsuak eta azkarrak diren arren. Nolanahi ere, obraren protagonistak nolabaiteko inpostazioarekin hitz egin behar du, izaera bikoitz hori publiko gazteenari helarazi nahi bazaio.
Inpostazio hori oso ondo adierazi zuen Sandra Ferrandez mezzosopranoak katuaren ahotsean eta keinuetan. Pertsonaiarentzat oso egokia den ahotsa erakutsi zuen, kolore iradokitzailearekin eta erregistro zabalarekin, protagonistaren izaera maltzur eta jostaria ezin hobeto azalduz, eta pertsonaia azkar eta maltzurra taularatzeko antzerti-baliabide dexente erakutsiz.
Sonia de Munck sopranoak kantu eder, distiratsu, gozo eta arina erakutsi zuen, printzesaren bere rola bezalakoa, bere interpretazioari umorea eta xalotasun deliberatua erantsiz. Goiko erregistroan garbi eta seguru aritu zen, eta bikain eta dotore antzeztu zuen bere pertsonaia, gainerako pertsonaiekin ederki enpastatuz.
Bi baritonoek erregistro zabala erakutsi zuten, pertsonaiak argi eta zuzen antzeztuz.
Oso ondo Pablo Rossi Rodino errotariaren paperean. Heroi bikaina eraiki zuen, zintzoa, umila eta galdu samarra bere katu adimentsuaren eskakizun arraroen aurrean. Seguru kantatu zuen, garbi, ahots ederrarekin, proiekzio on eta bokalizazio argiarekin une oro.
Oso ondo Javier Povedano ere erregearen rolean. Bolumen eta proiekzioarekin eta fraseatze argi eta eraginkorrarekin transmititzen duen baritono argi eta distiratsua. Bere pertsonaiaren izaerarekiko umorez eta fideltasunez betetako interpretazioa burutu zuen.
Ricardo Llamas Marquezek kantu eder eta uniformea erakutsi zuen bere erregistro osoan zehar, ondo tinbratuta eta bere rolerako oso egokia, adierazkortasuna, bokalizazioa eta ahotsa interpretazio on bati lotuz, ogro dibertigarria eskaini zuen eta pertsonaiaren bilau izaerari oso ondo eutsi zion bere esku-hartze osoan.
Aaron Martinen lan bikaina azpimarratu behar da, espazio eszenikoaren eraldaketa gehienak egiten dituen untxi/txanbelana antzezten baitu, une horietan entzuten den musikari zentzua ematen lagunduz. Bere presentzia eszeniko handiarekin eta ederki diseinatutako mugimenduekin, istorioaren haria eta eszenen bilakaera deskribatu, azpimarratu edo zehazten ditu, unearen arabera, haien arteko gidaritza eta lotura bikaina eginez eta eszenaren eta publikoaren arteko lotura mantenduz.
Agian, gauza onez betetako ekoizpen bati egin dakiokeen objekzio bakarra musika-akonpainamenduaren tamaina da.
Eszenen arteko trantsizioko une batzuetan, ahotsik eta akzio eszenikorik ez dagoenean, partiturak bi eszenen artean gertatzen dena kontatzen digun bitartean, pianoa eskas geratzen zen.
Une horietan nolabaiteko hutsunea sentitzen zen, bai musikari dagokionez, bai eszenari dagokionez, ekoizpenaren lorpen handiak nolabait desitxuratuz, batez ere eszena batzuen arteko trantsizioetan, eta bereziki amaierako eszenan eta dantzan.
Azken eszenan, eta neurri handi batean musikaren eta ekintzaren arteko distantziaren ondorioz, klimaxak huts egin zuen, eta horrek publikoarekiko lotura ahuldu egin zuen, ospakizunaren poza transmititu eta partekatu behar zen unean.
Horrela, katuaren epilogoan ez zen sentitu publikoaren eta protagonistaren arteko lotura, haria, alde egiteko unea luzatu nahi izatea eragin beharko zigukeen haria, alegia.
Haurrek, eta baita helduek ere, oso ondo pasatu genuen, baina amaierari distira eta bikaintasun puntua falta izan zitzaizkion, eta ezin izan genuen aho betez esan “eta hau hala ez bazan sar dadila kalabazan eta irten dadila Arriagako plazan” kalitate handiko eta gauza ederrez betetako ekoizpenari amaiera emateko.