Bilbo, 2024ko martxoaren 3a, igandea. Arriaga antzokia. Ahatetxo itsusia, ganbera-orkestrarako, txotxongiloetarako eta bideo-proiekzioetarako narrazio musikala, Hans Christian Andersenen “Den grimme ælling” (1843) ipuin ezagunean oinarritua.
Musika, Jordi Cornudella. Aktore titiriteroak Cristina Colmenero, Leo Lanz, Christine Mackenzie eta Yanisbel Martínez. Orkestra, Murtra Ensemble. Biolina, Andrea Talavero. Biola, Bernat Bofarull. Klarinetea, Claudia Reyes. Fagota, Antonio Abad López. Pianoa, Carles Marigó. Saxofoia, Leo Lanz.
Eszena zuzendaritza, Enrique Lanz. Eszenografia, proiekzioak eta txotxongiloak, Enrique Lanz. Argiztapena, Lía Alves. Jantziak, Laura León. Ekoizpena, Etcétera, Centro Federico García Lorca (Granada).
JUAN CARLOS MURILLO
Konpainia granadarrak Hans Christian Andersen ipuin ezagunean murgiltzea proposatzen digu, baita egilearen haurtzaroan ere, ipuina bera, nonbait, autorearen biografiatzat ere jo baitaiteke.
Ikuskizun baten arrakasta neurtzeko modu asko izan daitezke, baina zalantzarik gabe publikoaren erreakzioak pista handiak emango dizkigu emanaldiaren bukaeran. Horrela, irribarrea eta hunkidura izan ziren nagusi ikus-entzule guztion ezpain-begietan, txalo-zaparrada eta ume eta nagusien bibaka ugarien ondoren. Arrakasta borobila, beraz.
Ederki ezaguna da Andersenen ahatetxo itsusiaren historia hau, eta ederki ezaguna da, baita ere, ipuinaren mezua, alegia, ederrak garela, hau da, maitasuna eta onespena merezi ditugula, gauden inguruan arraroak, bitxiak edo ezberdinak baldin bagara ere.
Produkzio honetan benetakotasunaren, afektuaren eta ontasunaren garrantzia azpimarratu dituzte eta egilearen biografiaren zati batzuk ere baliatu dituzte, ipuinarekin konbinatuta, haren bizitzaren eta fabularen arteko paralelismoak areagotzeko.
Gaurko haurrentzat gaurkotasun erabatekoa duten gaiak: irudia, aitorpen soziala, autoestimua, bullying-a… antzerkiak, bizitzaren isla gisa, agerian jartzen dituena gogoetara bultzatzeko.
Obra programatikoa musikari dagokionez, non Yanisbel Martinez narratzaile bikainak Ana Maria Ausejoren rolean aurkezten dizkigun pertsonaiak eta istorioak ezin hobeto integratzen diren. Narratzaileak, zalantzarik gabe, Ana Maria Matute idazlea gogorarazten digu, ahatetxo itsusi bat ere sentitzen zena, eta iluntasunean eta beren umezaroen dohakabetasunean sufritzen ari ziren haur arraroez hitz egin ziguna, alegia.
Musika ederra, iradokitzailea eta deskriptiboa, narrazioarekin eta eszenaren bilakaerarekin ezin hobeto integratua, gure memorietan modernoen izen ohoragarria jasotzen duten musikagileen aipamenez betea, eta buruak irudiz eta sentimenduz, pertsonaia ausart, dohakabe edo tematiz, gure haurtzaroko ipuinetan bizi ziren soldadutxoz, artzainez eta otsoez bete zizkigutenak.
Bost musikariz osaturiko orkestra, batzuetan seigarren baten laguntza jaso zuena, ederto nabarmendu zen gainontzeko aktore bat bezala, narratzailearekin eta ipuineko beste pertsonaiekin elkarreraginean, presentzia eszeniko orekatu eta oso ondo integratua eta exekuzio ezin hobea adieraziz edertasunez eta emozioz beteriko esperientzia eskaintzeko.
Ekoizpen borobila, bai dramaturgiari dagokionez, bai musikari dagokionez. Antzerkia edertasunerako eta hausnarketarako espazio gisa, eta, bereziki, gozamenerako eta afekturako gune. Familian gozatzeko aukera paregabea, gure umeekin irudimenerako espazioa partekatzeko aitzakia, ipuinaren bukaeratik haratago antzokiko halleraino ailegatu zena, non magiaren zati bat ukitu ahal izan zuten (genuen), aktoreak eta txotxongiloak gertutik behatuz.
Zalantzarik gabe, antzerkiaren eta musikaren magia.