BOHÈME BAT GEHIAGO
Bilbo, 2024ko maiatzaren 21a, asteartea. Euskalduna Jauregia. La Bohème, lau ekitaldiko opera, Giacomo Pucciniren musikarekin eta Luigi Illica eta Giuseppe Giaquosaren italierazko libretoarekin, Scènes de la vie de Bohème eleberrian eta Vie de Bohème draman oinarritua, biak Henri Murgerrenak. 1896ko otsailaren 1ean estreinatu zen Turingo Regio antzokian.
Mimi, Miren Urbieta-Vega. Rodolfo, Celso Albelo. Marcelo, Manel Esteve. Musetta, Marina Monzo. Schaunard, José Manuel Diaz. Colline, David Lagares. Benoit/Alcindoro, Fernando Latorre. Parpignol, Aitor Garitano.
Bilbao Orkestra Sinfonikoa. Musika zuzendaria, Pedro Halffter. Bilboko Opera Abesbatza. Koruaren zuzendaria, Boris Dujin. Haur Abesbatza, Leioa Kantika Korala. Leioa Kantika Koralaren zuzendaria, Basilio Astulez.
Eszena-zuzendaritza, Leo Nucci. Birjarpenaren eszena-zuzendaria, Salvo Piro. Eszenografia, Carlo Centolavigna. Eszenografia-laguntzailea, Francesca Nieddu. Jantziak, Artemio Cabassí. Argiztapena, Claudio Schmid. Maisu errepikatzaileak, Itziar Barredo eta Iñaki Velasco.
Ekoizpena, Modenako Comunale Antzokia, Fondazione Teatri di Piacenza. 72. denboraldia. OLBE Bilbao Opera.
JUAN CARLOS MURILLO
Bohème bat gehiago, ederra eta zirraragarria Luccako maisuaren obra bakarrik izan daitekeen bezalakoa, askotan entzundako obra bat berriro ikusi eta entzun genuelako sentsazioa utzi ziguna.
Publikoak bereziki maite eta estimatzen dituen obra multzo horretakoa dugu izenburu hau, eta, zentzu horretan, opera denboraldirako amaiera ona izan dela esan dezakegu. Helburua lortu da, beraz, nahiz eta produkzio hau ez den izango auditorioaren atetik haratago gogoan bilduko ditugun horietakoa.
Bilbon aurkeztutako ekoizpenak argi eta garbi eszenaratu zituen partituran eta libretoan bereizitako bi zatiak, eta protagonisten istorioa bezala, adierazkortasunean eta lirismoan irabazten joan zen hirugarren ekitaldian, emanaldiaren zatirik onenean, eta emozioz eta dramatismoz bete zen azken koadroan, non tempo lasaiagoa, ia sakratua, nagusitu baitzen.
Pedro Halffterrek, plazan ibilbide aintzatetsia duen maisuak, obra ospetsuaren irakurketa akademiko samarra eskaini zuen, ia sinfonikoa, eta haren gidaritzapean BOSek maila ona erakutsi zuen arren, magia falta somatu zen orkestra-zuloan gaueko une askotan, nolabaiteko dinamismo eta emozio falta, alegia, Euskaldunan taularatutako bertsioari lilura eta xarma ebatsi zizkiona.
OLBEren Opera Abesbatzak lan ona egin zuen ostera ere, bigarren ekitaldiko nahaspilako bere parte-hartze laburrean.
Urbieta-Vegak espresioz eta arimaz heldu zion bere rolari, ahots eder eta zabala eta pianoetan ondo kontrolatua erakutsiz, baina faltan somatu genuen lehen ekitaldiko Mimiren pikardia eta freskotasuna, eta espresio lirikoagoa, ez hain solemnea, nahiz eta argumentua hirugarren ekitaldian eta, batez ere, laugarrenean ibilbide dramatikoagoan aurrera joan heinean, haren pertsonaia ere emozio nabariagoaz janzten joan zen.
Celso Albelo, Rodolforen rolean, bikain azaldu zen bere lehen ariaren amaieran, Che gelida manina ospetsuan, goiko-nota indartsu eta eder batekin, nahiz eta speranza hori ez zen bere parte-hartze osoan gauzatu, eta faltan bota zen ahots zabalagoa, biribilagoa, bokaltasun eta estilo erronka handiak dituen rol batean. Bere pertsonaiari adierazkortasunez eta teatraltasunez heldu zion, batez ere bigarren zatian zehar, lirikoagoa eta lasaiagoa.
Oso ondo Manel Esteve, maitale sutsu eta lagun leialaren rolean. Baritonoak fidagarritasunez transmititu zituen bere pertsonaiaren alderdi guztiak, denborarekin presentzian eta osotasunean irabazi duen instrumentua erakutsiz. Ahots-autoritatez eta profesionaltasun eszenikoz gailendu zen bigarren ekitaldiko Gioventù mia, tu non sei morta! konprometituan hala nola hirugarreneko lagun hurbil eta neurritsuago rolean, eta, nabarmenki, laugarren ekitaldiko O Mimi, tu più non torni duoan, Albelorekin batera, obra osoan zehar abeslari biek erakutsi zuten lotura bikain biribilduz.
Estevek gaueko bikotea osatu zuen Marina Monzorekin. Soprano valentziarrak Musetta bikaina interpretatu zuen, dotorea eta sinesgarria bere alderdi guztietan, bai bigarren ekitaldiko pertsonaia fresko eta lotsagabean, bai azken bietako intimo eta lirikoagoan, ahots zabal eta sendoa erakutsiz eta ñabardura bakoitza kontrolatuz, homogeneoa dinamika guztietan, eta biribila bere tesitura osoan.
Bilboko agertokian ohikoak diren koprimarioek osatu zuten antzezleen zerrenda. Aipatzekoa da Jose Manuel Diaz (Schaunard), ohi baino rol zabalagoa bete zuena, eta harekin batera, David Lagares (Colline) eta Fernando Latorre (Benoit/Alcindoro), hirukote bikaina, obrari sentimendua eta gizatasuna erantsi ziona.
Eszenak ez zuen aparteko ezer gehitu ez dramaturgian ez eszenografian, proposamen eszeniko klasiko eta tradizionala aurkeztuz. Une batzuetan, bigarren ekitaldi jendetsuan edo laugarren ekitaldiaren amaieran (Che vuol dire quell’andare e venire?), adibidez, partituran edo libretoan dauden elementuak antzezteko ahaleginek ez zuten bereziki erraztu ekintzaren eta musikaren jarraipena.
Azken batean, Bohème konbentzional bat, sorpresarik gabea, ezin hobea publiko kontserbadoreago batentzat, baina ez oso sustagarria gehiagotan edo beste ekoizpen batzuetan ikusi dutenentzat.