Gotzon Lobera /
Egia esatera, gutxi dira arketipo unibertsalak; areago, gutxiago dira, baldin eta mendebaldar arketipoak mundu osoko kultura guztien barruan sartzen baditugu. Hau da, sarriegi ohitura dugu mendebaldarrok geure kultura unibertso osoaren gune bakar legez hartzeko.
Bada, hori esan eta gero, argitu behar dugu opera ez dela europar kulturako emaitza bakarrik; hor dugu hainbat gizaldi lehenagotik txinatar opera, besteak beste.
Betiere, eta gure mendebaldar operari dagokionez, gure kulturako arketipo bi aurki ditzakegu Ruggero Leoncavalloren Pagliacci operako pertsonaia bitan: Canio, antzerki-taldeko ugazaba eta beraren emazte Nedda. Ez dut arketipoen barruan Beppe sartu nahi, berau delako arketipo haiek izan daitezen beharrezko pertsonaia, baina ez da arketipoa, lotsarazten gaituen noraezeko osagaia baino.
Arketipo biok arketipo batera ekar genitzake: benetako bizimodua eta itxurazko bizimodua elkarrengandik bereizten ez dakien arketipora. Ba ote dakigu une guztietan geure buruak zertan diharduen bereizten? Badakigu guraso baten beharra eta gizartean derrigor jardun behar duen guraso batek egin beharra bereizten? Ez ote gara gutako bakoitza arketipo unibertsala?
Bada, opera honek erakusten digu antzezlanean diharduten antzezleek euren antzezkizuneko papera eta euren bizimodukoa ez dituztela bereizten, eta ikusten dugu zelan Pagliacciok bere emazte Kolonbina akabatzen duen, baina bata Canio eta bestea Nedda direla. Tragedia, benetako bizitzakoa, antzokiko tragedia bihurtu da, eta, aldi berean, benetako bizitzako tragediak gainditzen du antzokiko tragedia.
Egia da, opera antzerkia da. Egia da, antzerkia giza bizipenen erakusgunea da. Egia da, erakusgune hori bizigunea da. Egia da, bizigune hori guk agertu nahi ez ditugun sakoneko sentimenduen ispilua da. Egia da, ispilu hori guk geure burua galdu-gordean ikusi nahi dugun eremu babestua da. Egia da, opera, beste antze-mota guztiak legez, gizarte koldar baten eta gizarte horretako kide guztien zinezko ispilua da. Operan ikusteko ez dago arazorik; ostera, hortik kanpo uko egingo diogu zinezkotasunari.
Gutako nork onartuko luke, indarkeria barik, bere ezkontidea beste batekin dabilela harremanetan? Egiazko itxurakeria (contradictio in terminis?) onartzeko prest gaude, baldin eta itxurakeria, antzerki baten ispilutik bada? Bestela, utikan!
Antzinateko greziar antzerkiarekin gertatu antzo, dena da mozorro, dena da inoren arazo, dena da norberarengandik kanpoko. Horra hor, gure giza izaerak onar dezakeen gehiena. Guri ez balihoakigu legez.
Irudikeria, itxurakeria horretan, guztiok onartzen dugu Tonio, ergela: berau ere beste arketipo bat izan liteke, Bepperen kasuan esan dugun neurri berean. Biok, Beppe eta Tonio, tragikomikoak dira, inork haien lekuan jarri nahi ez baitu. Horrelakoxea da giza espiritua.
Eta opera gozatzen ari garen bitartean, geure burua pertsonaia guztien barruan jar dezakegu… edo ez. Tragediak, norberarenak direnean, askozaz hobeto ikusten ditugu inoren buruan, eta errazago onartzen… guri ez dagokigulakoan.
Geroenean, denok izan nahi dugu pertsonaia tragikoak: Canio eta Nedda. Inork ez du bat egiten Beppe eta Toniorekin. Beharbada, azkenak dena baldintzatzen duelako, heriotza, gertaera tragiko hori, hurrago dugulako, eta onarterrazago dugulako ezerezkeria baino.
Eta horretan agertzen zaigu opera arnasbide legez. Eta horretan operak saturnalak dira; hori bai, nork bere barruan bizitzen dituen saturnalak, inor ez baita barregarri agertzen, nahiz eta guk geure barruan geure burua irrigarri ikusi.
Antzinako arketipoak, antzinako ikusmoldeak, antzinako joerak… guztiok gizartean eta gizarte horretako kide legez onar ditzakegunak, zeren inor ez baita lotsatzen inoren lepoan norberari gerta dakiokeena onartzeagatik.
Badakigu, jakin ere, opera denbora-pasetako bat dela. Badakigu, jakin ere, gizarteko ekitaldi bat dela. Eta neurri horretan bakarrik gaude prest hura onartzeko. Hori onartzea, gero eta behin, gure ahultasunetako bat onartzea da, eta zelan horretan gizarteko kide guztiok bat eginda gauden ez dugu ezein arazorik bera geure egiteko.
Hori bakarrik ote da opera? Ez, alajaina! Baina horregatik bakarrik goren mailako antzea da. Tragedia gure barruaren sublimazioa da, eta sublimazio horrek bizitza errazago egiten digu, nori berea.
Goren mailako antzea dugu opera, horregatik guztiagatik. Gizarteko bizimodua errazago eroaten laguntzen digu. Geure barruko sentipenak agertzeko laguntzen digu. Nork bere burua pertsonaiarik tragikoenetan ikusteko parada laguntzen digu. Horixe da, ziurrenik, operaren onurarik handienetako bat. Horregatik maite dugu opera… horregatik eta antzeaz gozatzeko parada ezin hobea ematen digulako.