Gotzon Lobera /
Denok ezagutzen dugu Luciano Berio, Italiako musikagilea. Oneglian jaio zen italiar honek XX. gizaldiko musikaren barruko musikaririk handienetakoa dugu, eta musika esperimentala eta elektronikoa landu zituen. Haren obrarik ezagunenak, berriz, Sequenza eta Sinfonia ditugu.
Operaren arloan, Twice upon aipa dezakegu, 1994. urtean eginikoa, eta sei ume-talderentzat berba barik eratutako antzerki-musika da; hori ez ezik, Cronaca del Luogo, 1999an konposatutakoa ere gomutarazi behar da.
Betiere, badauka beste alderdi hain ezaguna ez dena: beste musikagile batzuen lanak hartu eta haiei amaiera eman. Horrela egin zuen Johann Sebastian Bach, Franz Liszt, Wolfgang Amadeus Mozart, Giacommo Puccini, Franz Schubert eta Igor Stravinskirekin.
Haietako hiru iruzkindu nahiko nituzke lerrootan.
Lehenengoa Vor, während, nach Zaide da. Mozarten singspiel amaitu gabe baten bukaera egin zuen Beriok 1995ean. Jatorrizko opera Mozartek egin zuen Enperadore Jose II.aren mesedeak eskuratu nahian; enperadoreak Vienan alemaniar opera-konpainia bat sortu nahi zuen, eta Mozartek opera bat bururatu zuen horretarako.
Bigarrena Franz Schuberten 10. sinfonia dugu. Luciano Beriok obra hori hartu zuen, eta alemaniar musikagilearen musikaren beste atal batzuk erabiliz amaitu zuen.
Hirugarrena, berriz, ezagunagoa dugu. Turandot hartu zuen, eta III. ekitaldia konposatu. Obra hau Santa Cruz de Tenerifen estreinatu zen 2002ko urtarrilaren 26an. Data garrantzitsua da kasu honetan, Luciano Berio 2003ko maiatzaren 27an hilgo zelako 77 urte zituela. Izan ere, harrezkero beste zortzi lan egin zituen, eta hil aginean egon arte idazten jarraitu zuen.
Bada, esan dezakegu Luciano Beriori jazo zaiola beste batzuei berarekin suertatu zitzaiena: batek haren lana hartu eta bera hil ostean antzeztu. Hauxe dugu Berberio obraren kasua. Zonzo Compagnie da italiar musikagilearen lana antzeztearekin arduratu dena.
Wouter Van Looyk fundatu zuen Belgikan Zonzo Compagnie, Atwerpen (Anberesen), 2001. urtean. Konpainia horren helburua musika-ikuskizuna sortzea da ume eta gazteentzat.
Belgikar talde honek John Cage eta Miles Davis musikagileak hartu zituen xede, italiar musikagileari ekin aurretik. Lehenengoz, 2004an, Listen to the Silence: A Journey with John Cage antzeztu zuen; berean, umeak sartu zituen belgikar taldeak antzezkizunean, eta horrela entzule gazteak musikaren arloan sartu nahi izan zituen.
Urte batzuk geroago Miles Davisen musika erabiliz Mile(s)tones antzeztu zuen, eta ildo beretik jarraitu. Miles Davis tronpeta-jolearen lana hartu eta antzerki modura eskaini zuen, betiere ume eta gazteak helburuko ikusle izanik.
Zonzo Compagnieren azken ahalegina Luciano Beriori suertatu zaio, eta Berberio opera sortu du 2016an. Nik ClassicaHD kanalean ikusteko parada izan dut. Erabat kilikigarria. Umeak badaude antzeztokian, musikariak albotik jotzen aritzen diren bitartean.
Beharbada, ni bezalako opera-ikusle tradizionalentzat, zeharo apurtzaile gerta daiteke: niretzat halaxe izan zen. Dena dela, ikusteko moduko ikuskizuna da hartara jarriz gero. Nik opera hau ikusteko parada izan dut orain dela gutxi, eta operazalea izan eta burua zabalik edukiz gero, oso gomendagarria dela esango nuke.
Luciano Berioren musika ezagutuz gero, italiar musikariari atsegingarri gertatuko zitzaiola uste dut. Abangoardiaren bidetik abiatzen da 55 minututan zehar, eta musikaren espiritua bidaian dabil historian zehar, Luciano Berioren musika-asmoak betetzen, beronek Twice upon operarekin egin zuen legez.